PCan zein kontsoletan kaleratuko da Tribute Games estudioaren titulua. Iron Man eta Phoenix pertsonaiak iragarri dituzte.

Marvel Cosmic Invasionek argitaratze data jaso du azkenik: Otsokume, Spider-Man, Venom edo Rocket Raccoon biltzen dituen beat ‘em up tituluak abenduaren 1ean hasiko ditu bere kolpeak.

Ordenagailuetan nahiz PlayStation, Nintendo eta Xbox kontsoletan ikusiko dugu Tribute Games taldeak sortutako eta Dotemu indie argitaletxeak merkaturatutako titulua. Bi dimentsioko abentura koloretsuan Marvel unibertsoko superheroiak gidatuko ditugu Annihilus estralurtarraren aurka egiteko.

Ukabilkadak, ostikoak eta eraso bereziak ardatz dituen jokoa izanik, ohiko ezaugarriak ikusiko ditugu Cosmic Invasionen: bakarka, edo lagunekin —tokiko partidetan zein sarean—, dozenaka arerio garaitu beharko ditugu maila desberdinetan zehar, buruzagi boteretsuaren aurka egin arte.

Marvelen tituluak konbo luzeekin eta eraso bateratuekin jokatzen du. Izan ere, jokalari bakoitzak superheroien bikotea hautatuko du: edozein unetan alda dezakegu pertsonaiz, baina, ez hori bakarrik, erreserban daukaguna une motzetarako dei dezakegu, biekin batera erasotzea ahalbidetuz. Bakarka jokatu arren, sekulako egurra banatzea posible izango da, modu horretara.

Heroi ospetsuenak zein komikien jarraitzaile sutsuenek bakarrik ezagutuko dituztenak eskainiko dituzte: Captain America, Otsokume, Spider-Man, Ekaitz, Phyla-Vell, Venom, Nova, She-Hulk, Rocket Raccoon, Silver Surfer, Beta Ray Bill, Black Panther eta Cosmic Ghost Rider pertsonaiekin joka dezakegu, baita argitalpen datarekin batera aurkeztu dituzten Iron-Man edo Phoenix maitatuekin ere.

Hori horrela, egun ikusten gabiltzan beat ‘em up klasikoen berpizkundearekin bat egingo du Marvelek; azken urteotan Teenage Mutant Ninja Turtles Shredder’s Revenge bikaina —Tributena, baita, hemen analisia— edo Mighty Morphin Power Rangers: Rita’s Rewind ikusi ditugu, adibidez. Klasikoekin batera, berritasun interesgarriak ere iristen ari zaizkigu: Absolum urteko jokorik onenen artean kokatzen dabil, eat datorren urtean Scott Pilgrim EX interesgarria estreinatuko da.

Bitartean, superheroiekin ariko gara. Marvel Cosmic Invasion abenduaren 1ean merkaturatuko da. Bi maila biltzen dituen doako demoa proba dezakegu Steam plataforman.