Otsokume, Spider-Man, Ekaitz eta askoz gehiago ikusiko ditugu Tribute Games-en pixel art ederrarekin. Kontsola guztietan zein PCan argitaratuko du Dotemu argitaletxeak.
Arkade jokoen zaleek, eta, batez ere, beat ‘em up tituluenek ospatzeko iragarpena jaso dute Nintendo Direct emanaldian. Marvel Cosmic Invasion ezagutzera eman du Tribute Games taldeak: Captain America and The Avengers edo The Punisher mitikoen bidea jarraitzera dator aurten.
Aipatutakoak baino, estudioak 2022an kaleratutako Teenage Mutant Ninja Turtles: Shredder’s Revenge apartarekin —hemen analisia— egindakoa errepikatzera datorrela dirudi, pixel art koloretsua eta zaplasteko kooperatiboak Marvel komikietako heroiekin elkartuta.
Spider-Man, Otsokume, Venom, Ekaitz, Nova edo Captain America kontrolatuko ditugu, besteak beste, bi dimentsioko borroketan parte hartzeko. Dozenaka etsai akabatzeko mugimendu sorta zabala edukiko dugu eskura, eta, behar denean, pertsonaia bakoitzaren abilezia bereziak erabiliko ditugu. Tartean buruzagien aurka ere ariko gara: Taskmaster ikusi dugu, adibidez.
Lau lagunek elkarrekin gaindi dezakete abentura osoa. Ninja Dortoken azken beat ‘em uparekin egindakoa mantenduko dutela suposatzen dugunez, Cosmic Invasionek tokiko zein sare bidezko multijokalari landua eskaintzea espero da.
Nintendo, PlayStation eta Xbox kontsoletan estreinatuko da Marvel Cosmic Invasion, baita PCan ere. Egun zehatzik eman gabe, 2025ean jaso beharko genukeela diote Dotemu argitaletxekoek.
Iruzkinak