Firaxis prestatzen ari den bideo-jokoa datorren urtean estreinatuko da PC, PS5, PS4, Xbox Series, Xbox One eta Switch plataformetan.
Marvelek eta Firaxisek Gamescom ekimenean aurkeztu zuten komikien enpresako superheroiak beste batez bilduko dituen Midnight Suns. Trailer zinematikoarekin egin zuten arren, jostagarritasun mekanikak ezagutzera emateko bideoa ere agindu zuten, eta hutsik egin gabe aurkeztu dute hainbat ustekabeko erakutsita.
Garatzailea ezagututa, bideo-jokalari gehienek XCOM sagaren antzeko RPG taktikoa espero zuten Midnight Sunsengandik. Askotariko antzekotasunak izango dituzten arren, ez da hala izango. Marvelen superheroien joko berriko jostagarritasuna kartetan oinarrituko da, izan ere.
Borroketako grafikoek eta ikuspegiek estralurtar inbasioen jokoak gogora ekarriko dituzte. Hainbat pertsonaien kontrola hartuko dute jokalariek baina erasotzeko, abilezia bereziak erabiltzeko eta bestelako ekintzak egiteko kartak erabili beharko dira. Batzuk une zehatzetan soilik erabili ahalko dira, adibidez mapako kokaleku batzuetan. Karta hauek istorioan zehar desblokeatuko dira, Otsokume edota Iron Man bezalako heroientzako hobekuntzak suposatuta.
Ehiztari deitutako pertsonaia guztiz berria izango da protagonista, baina. Bera eta beste bi heroi hautatu beharko dira misio bakoitzaren hasieran. Guzti hauen arteko harremanak indartzeko aukera ere egongo da, Atlus-en Persona JRPG sagan edota Fire Emblem jokoetan ikusitako elementuekin. Hori eginda abilezia eta ahalmen berriak desblokeatu ahalko dira.
Marvel’s Midnight Sunsek ez du argitaratze datarik, baina arduradunek 2022rako prest edukiko dutela diote. Plataformei dagokienez PC, PS5, PS4, Xbox Series, Xbox One eta Switch dira jokoa gozatzeko aukeratutakoak.
Iruzkinak