Apirilaren 11n abiatuko dute heroien tiro jokoaren atal berria: emakumezko mutantearekin batera hasiko da.
Marvel Rivalsek bigarren denboraldiaren xehetasunak eman ditu. Hellfire Gala izenarekin, denetariko edukiak gaineratuko ditu; esanguratsuenak, baina, Ultron eta Emma Frost pertsonaiak dira.
Krakoa mutanteen herrialdera bidaiatuko dugu apirilaren 11n. Frostek prestatutako jaia izango da denboraldiaren —edo, behintzat, hasieraren— protagonista: heroiak nahiz bilauak gonbidatuta daude parte hartzera. Nola ez, arazoak egongo dira… oraingoan, Ultron robotaren eskutik.
Bigarren denboraldiaren hasierarekin batera jasoko dugu Frost. Tanke lanetan ariko da bere diamante azalari esker, baina talde osoa babesteko ezkutuak ere sortu ahalko ditu. Eraso berezirako, aurrean dituen arerio guztiak erakartzeko ahalmena daukala dirudi; bideoan erakutsitakoagatik, amildegietatik behera eraman ahalko ditugu.
Ez dakigu, tamalez, noiz iritsiko den Ultron. Aspalditik filtratutako pertsonaietako bat da, eta bere abilezia guztiak ezagutzen ditugu jadanik —aldaketak egon daitezke, hori bai!—. Itxurak eta bestelakoak ere datoz, noski baietz: heroi mordoarentzako jantzi berriak helduko dira bigarren denboraldiarekin batera, baita Krakoaren mapa eta oreka aldaketak ere.
Erritmoa galdu gabe dabiltza NetEase-ko garatzaileak. Otsailean kaleratu zituzten lehen denboraldiko azken bi heroiak: lau izugarrietako giza-suzia eta gauza; aste batzuk lehenago, berriz, gizon harrigarria zein emakume ikusezina heldu ziren multijokalarira.
Hirugarren denboralditik aurrera edukien abiadura murrizten joango direla baieztatu dute, baina ez pentsa askorik geldotuko direnik. Bi hilabete iraungo du atal bakoitzak, eta hilabetero heroi berria jasoko dugula dirudi: urtean hamabi pertsonaia berri gehituko dituzte Rivalsera, beraz, aurreikusitakoa betetzen badute.
Jokalarien kopuruari dagokionez, lehen hilabeteetako eztanda hoztu ondoren, zifra egonkortu dela esan daiteke; hots, 190.000 erabiltzaile inguru biltzen dira asteburuetan. Ez da harritzekoa, gauza asko bikain egin baititu: doako bideojoko dibertigarriaren aurrean egoteaz gain, dozenaka aldaketa eta eguneraketa jasotzen ari da komunitatearen feedbackari jaramon egiten dio bitarteran.
Abenduan plazaratu genuen analisian maiteminduta geratu ginen:
Marvel Rivalsen lehen orduek multijokalari handienganako maitasuna berpizten lagundu didate. Titulu dibertigarria eratu du NetEasek, nahiz eta askok kopia edo plagio hutsa dela esango duten, Overwatchen oinarriak bereganatuta.
Marvel Rivals dohainik joka daiteke PC, PlayStation 5 eta Xbox Series plataformetan.
Iruzkinak