Mapa berriarekin zein oreka aldakaten eguneratzearekin etorriko dira heroi berriak.

Marvel Rivalsek ez du atsedenik hartzeko astirik. 1.5 denboraldia aditzera eman dute arduradunek: giza-suzia eta gauza jasoko ditu otsailaren 21eangizon harrigarria zein emakume ikusezina hartu eta aste gutxi batzuetara.

Lau izugarrien taldea osatuta egongo da, modu horretara, NetEase taldearen heroi tiro joko arrakastatsuan. Johnny Storm gaztea duelista izango da: suzko botereak erabiliko ditu hegan egiteko, baita su bolak jaurtitzeko ere. Bere burua jaurtitzeko gai izango da, gainera, mugikortasun handia erakutsita.

Ben Grimm guztiz aurkakoa da, noski: Gauzak tanke lanak burutuko ditu, sekulako indarrarekin zein bizitza barrarekin. Harrizko ukabilkadekin kolpeka ariko da, baina lasterka eginez harrapatzen duen guztia suntsitzeko botera dauka. Itxura batean, beste pertsonaia batzuk airean jaurtiko lituzketen kolpeak eusteko gai izango da bere abilezia pasiboari esker.

Heroi berrien bideo laburrak argitaratuta, euren mugimendu eta trebezia guztia ezagutzea geratzen da orain: garatzaileek laster ezagutzera ematea aurreikusten da.

Pertsonaiak baino gehiago inplementatuko dituzte jokoan, baina: New York hiriko Central Park ezagunean girotutako mapa berrian jokatuko dugu, hasteko. Erritu madarikatua geldiaraztea izango da gure helburua… edo, kontrakoa, oztopatzera datozenak akabatzea.

1.5 denboraldia oreka zuzenketekin dator, bukatzeko. Superheroi eta bilau gehienentzako aldaketa txikiak prestatu dituzte: bizitza zein indarra areagotuta edo murriztuta ikusiko ditugu kasu askotan, baita mugimenduen hozte denborak ere. Berritasun guztiak hemen irakur daitezke.

Otsailaren 21ean gehituko dira ofizialki aipatutako eduki guztiak Marvel Rivalsera. PC, PlayStation 5 eta Xbox Series plataformetan doan joka daiteke heroien tiro jokoan.

 

Talde amerikarra, deseginda

Lehen denboraldiaren bigarren atalaren albisteak gazi-gozoak izan dira. NetEasek Marvel Rivalsen talde amerikarra guztiz desegin duela dirudi.

Thaddeus Sasser AEBtako taldearen buruak jakitera eman du bere LinkedIn profilaren bitartez. “Industria hau benetan bitxia da”, azaldu du: “Talentuz betetako taldeak frankizia ikaragarri arrakastatsua sortzen lagundu du NetEase Games-entzako Marvel Rivalsekin… eta guztiak kaleratu dituzte!”.

Dirudienez, bi talde nagusi arduratu dira Marvel Rivals sortzeaz: txinatarrak eta estatubatuarrak. Alderdi estatubatuarra mailen diseinua zein alde teknikoa prestatzen aritu omen da. Oraindik ez dakigu zenbat garatzaile kaleratu dituzten, baina Seattleko taldea oso txikia izango litzateke.

Dena den, mugimendu arraroa da NetEasen aldetik, batez ere, jokoa argitaratu badute ere, oraindik bide luzea daukatela jakinda. Mapen diseinua da Rivalsen indarguneetako bat: horren arduradunak kanporatzeak ekar ditzakeen ondorioak ikustekoak dira. Egunotan aldibereko 300.000 jokalariak gainditzen ditu jokoak.

Zergatik hartu dute erabakia, baina? NetEase atzerriko estudioak deuseztatzen aritu da azken hilabeteotan, ekoizpena Txinara ekarrita.

2025ean 900 bat garatzailek galdu dute beren lana bideojokoen arloan. 2023. urte hasierara begira jartzen bagara, 25.000 langile kaleratu dituzte ordu hartatik bideojokoen industria osoan.