Atal teknikoa kontsoletakotik harago joango da. Abuztuaren 12an estreinatuko da ordenagailuetan.

PlayStationen bideojokoetatik PCra iritsiko den hurrena gure lagun eta auzotar Spider-Man izango da —Uncharted ustekabean aurreratzen ez bazaio, behintzat—. Marvel’s Spider-Man estreinatzeko egun gutxi batzuk falta direnez, Sony-koek ordenagailuetako bertsiorako prestatu dituzten berritasunak eta hobekuntzak ezagutzera eman ditu trailer baten bidez.

Espero ditzakegun ezaugarri guztiak jasoko dituzte PCko jokalariek. Hasteko eta behin, hobetutako itzalak nabarmendu dituzte port honetaz arduratzen ari diren Nixxes Software-ko arduradunek —gogora dezagun PlayStationek estudioa PCko bertsioak garatzeko bereganatu zuela orain gutxi—. Are esanguratsuagoa da, baina, izpien trazadura: PlayStation 5-eko bertsioak zekarren ezaugarria hobetu egin dutela dirudi, eta isla dinamikoek atal grafikoan ikaragarrizko eragina edukiko dute.

Segundoko irudien tasa mugagabea zein Nvidia-ren txartel grafikoei zuzendutako DLSS eta DLAA teknologiak ere agindu dituzte PlayStationekoek Insomniac Games-en bideojokoarentzat.

Nola ez, pantaila ultra zabalentzako euskarria jasoko dute PCko jokalariek. Bereizmen sorta ikaragarria aipatu dute, gainera: 16:9, 16:10, 21:9, 32:9 eta 48:9 formatuko pantailekin ibili ahalko gara. Saguarekin eta teklatuarekin jokatu ahal izateaz gain, DualSense agintearen ezaugarri berezi guztiak aprobetxatuko dituzte ordenagailuetan honentzako euskarri bereziarekin.

Modu horretara ordenagailu zaharrek zein berriek jokoa kalitate desberdinetara eta aukera sorta zabalarekin mugitzea bilatzen dute; hori bai, gutxieneko eta gomendatutako zehaztapenak argitaratu dituzte inolako zalantzarik egon ez dadin. Hortxe doaz:

Gutxieneko baldintzak

  • Sistema eragilea: Windows 10 64-bit
  • Prozesadorea: Intel Core i3-4160, 3.6 GHz edo AMD parekidea
  • Memoria: 8 GB RAM
  • GPU: NVIDIA GTX 950 edo AMD Radeon RX 470
  • DirectX: 12 bertsioa
  • Biltegiratzea: 75 GB-ko memoria

Gomendatutako baldintzak

  • Sistema eragilea: Windows 10 64-bit
  • Prozesadorea: Intel Core i5-4670, 3.4 Ghz edo AMD Ryzen5 1600, 3.2 Ghz
  • Memoria: 16 GB RAM
  • GPU: NVIDIA GTX 1060 6GB edo AMD Radeon RX 580 8GB
  • DirectX: 12 bertsioa
  • Biltegiratzea: 75 GB-ko memoria

Marvel’s Spider-Manen analisia argitaratu genuen Game Erauntsiko blogean orain urte pare bat. Hau esan genuen berari buruz:

Atal trakets gutxi batzuk ditu, baina Marvel’s Spider-Man heroi araknidoak inoiz izan duen bideojokorik borobilena da. Peter Parkerrekin Manhattan zeharkatzea zoragarria da, eta abenturak aurkeztutako istorioa interes handiarekin jarraitzekoa da.

Abuztuaren 12an kaleratuko da Marvel’s Spider-Man Steam zein Epic Games Store saltokietan. Bere jarraipena, Marvel’s Spider-Man: Miles Morales ere iritsiko da PCra: udazkenera arte itxaron beharko dugu jokatzeko, baina.