Mutantearen unibertsoko gaizto ezagunen aurka ariko gara Marvel’s Wolverine-n. 2026ko udazkenean kaleratuko du PlayStation 5 kontsolan.

Marvel’s Wolverine akzio tituluaren jokagarritasuna ezagutzera eman dute PlayStation eta Insomniac Games taldeek azken State of Play emanaldian. Otsokume odol bila lurreratuko da PS5ean.

Zaleek borroka bortitzak eta gore mordoa espero zuten Logan Howlett superheroiaren bideojoko handirako, eta egileek bete egin dute: bideoa hasi bezain laster Otsokume arerioak trenkatzen ageri da bere adamantium atzaparrekin. Hirugarren pertsonako abenturan borrokak izango dira erabateko protagonista: konbo hilgarriekin eta exekuzio bortitzekin dozenaka gaizto akabatuko ditugu.

Marvel komikien etxeko superbilauekin topo egingo du Otsokumek. Omega Red zein Mystique ikus daitezke bideoan, baina arduradunek are aurpegi ezagun gehiago agindu dituzte; gainera, trailerrean zenbait aztarna omen daude. Madripoor bezalako guneak zeharkatuko ditugu triskantzetan.

Spider-Man heroiaren jokoekin abiatutakoa jarraitzera datoz, hortaz Insomniacekoak. Wolverinen atal grafikoa Peter Parker-en abenturetan ikusitakoa eta hobetutakoa dela esan daiteke: grafiko koloretsuak eta maila ikaragarrikoak.

2021ean ezagutu genuen Marvel’s Wolverine, trailer zinematiko motzarekin. Ordutik hona desagertuta ibili da, ofizialki behintzat: duela urtebete estudioak datuen filtrazio handiak jasan zituen, euren hurrengo proiektuetako —zein alboratuetako— informazioa, irudiak eta bideoak zabalduta. Otsokumeren hainbat alfa bideo daude horien artean, baita Spider-Man, Venom edo X-Men pertsonaiei lotutako dokumentuak ere.

Urtebete geratzen da, dena ondo badoa, Otsokume saltokietara iristeko: 2026ko udazkenean estreinatuko da PlayStation 5 kontsolan.