Zientzia fikziozko zein fantasiazko RPGek argitaratze datarik gabe jarraitzen dute.
Biowarere bere rol saga famatuenen berritasunekin agertu da: garatzen ari den Mass Effect eta Dragon Age berrien trailer zinematikoekin jarraitzaileengan zirrara eragitea lortu du.
Zientzia fikziozko sagaren itzulerari buruz ezer gutxi esan dute arduradunek. Orain aste batzuk aurkeztu zuten Mass Effect Legendary Editionekin batera; adierazi zutenagatik “proiektuaren lehen faseetan” aurkitzen dira une honetan.
Halere, erakutsitako trailerrean lehen hiru abenturetako pertsonaia klasikoetako bat azaltzen da: Liara. Hori dela eta abentura berria Mass Effect 3ren jarraipena izango dela pentsa daiteke.
Dragon Agen bideoak gauza gehiago erakusteko balio izan du. Heroi berria kontrolatuko dute jokalariek abentura honetan, “antzinako profeziarik” gabe hautatutakoa. Solas aztia itzuliko da laugarren Dragon Age honetan. Munduko hainbat kokaleku bildu dituzte zinematikan, magiaz betetako ingurugiro ederrak aurkeztuta.
Ez dute argitaratze datarik zehaztu Mass Effect zein Dragon Age hauetarako; plataformak ere aipatu gabe utzi dituzte. Biowarekoek oraindik aurretik lan luzea dutela aurreikusten da, beraz xehetasun gehiagori itxarotea geratzen da RPG saga hauen zaleen aldetik.
Iruzkinak