Wrecking Programs sortzaile taldeak Capcomek sortutako heroiaren proiektua handitzen jarraitzen du.
8-biten garaiko klasikoen artean bideo-jokozale askok gehien gogoratzen duten heroia da Mega Man. Capcomen gaur egun erdi ahaztua duen pertsonaia den arren, jarraitzaileek Blue Bomber famatua bizirik mantentzen jarraitzen dute proiektu desberdinekin. Horien artean nabarmengarriena Mega Man Maker bideo-jokoa da.
Lan honek Nintendoren Super Mario Maker jokoek egiten dutena jarraitzen du, baina Capcomen maskota protagonistatzat hartuta. Jokalariek Mega Manen joko klasikoetako elementuak hartuta mailak sortu eta horiek elkarbanatzeko aukera ematen du proiektuak: girotzeak, etsaiak, abestiak eta mekanika bereziak batuz maila ezagunetatik haratago joateko aukera ematen dute. Horrela komunitate bizia sortzea lortu dute, era guztietako maila zoro zein dibertigarriak sortuta.
Ia lau urteko lanaren ostean Wrecking Programs sortzaile taldeak 1.7 bertsioa kaleratu berri du. Eguneraketa honek askotariko hobekuntza eta berritasunak gehitu dizkio MMMri. Hasteko eta behin, Mega Manen adiskide Rollekin jokatu daiteke bertsio honetan. Bere mugimendu sorta propioa dauka, eta aurrera egiteko ahalmen berezi horiek erabiltzea nahitaezkoa izango da.
Sormena bultzatzeko aukera gehiago
Nola ez, etsai nagusi gehiago ere gehitu dituzte garatzaileek: Capcomen jokoen jarraitzaileek ondo ezagutuko dituzten Quick Man, Yamato Man, Freeze Man, Strike Man, Fire Man eta Splash Woman sortzeko zain dauden mailatan gaineratzeko prest daude. Horiez gain etsai orokor gehiago ere ikusiko dituzte jokalariek. Armak ere aipatu beharra daude, hamahiru guztira: Super Arm, Bubble Lead, Time Stopper, Spark Shock, Dust Crusher, Gyro Attack, Napalm Bomb, Centaur Flash, Yamato Spear, Freeze Cracker, Triple Blade, Solar Blaze edota Command Selection erabiltzeko gai izango da Mega Man.
Abestiak gehitzeaz gain, mailan zehar aldatzen joateko aukera eman dute arduradunek eguneratzearekin. Aldagailu desberdinak daude: esate baterako, etsai nagusi bat akatzerakoan abestia aldatu daiteke ematen dituzten aukerekin.
Wily Challenge joko mota hobetu dute gainera. Erronka berri bat hasterakoan gainditu beharreko mapa kopurua, mailen kalitatea eta bizi kopurua aldatu daiteke.
Aldaketen kopurua are luzeagoa da: zerrenda osoa irakurri nahi izanez gero, proiektuaren foroetan argitaratu dute. Guzti hauek aurreko bertsioetan agertutakoei gehitzen zaizkie. 1.6 bertsioan mapak elkarlanean sortzeko aukera gaineratu zuten, adibidez.
PCrako argitaratua, Mega Man Maker doan jokatu daiteke. Jaisteko proiektuaren webgunera joan beharra dago: bertan aurkituko duzu bideo-jokoa eskuratzeko esteka.
Iruzkinak