Snapdragon XR2 Gen 2 txipari esker jokoak exekutatzeko gai da. Meta Quest 3 originalaren prezioa murriztu dute.
Meta Quest 3S gailua aurkeztu du Metak. Errealitate birtualeko kasko arrakastatsuaren bertsio ekonomikoa urriaren 16an estreinatuko da 330 euroko prezioan. Batman: Arkham Shadow doan eskainiko dute gailuarekin.
Jatorrizko Meta Quest 3ak baino merkeagoa izan arren, txip berbera partekatuko dute: Snapdragon XR2 Gen 2ari esker bideojoko berberak exekutatzeko gai izango dira 3Sak, inolako ordenagailuaren beharrik barik —halere, PC batera konektatzeko aukera daukagu—.
Kaskoaren tamaina handitzen da, eta betaurrekoen bereizmena jaitsi: Quest 3 originalen begiko 2064 x 2208 bereizmena 1832 x 1920 bereizmenera murrizten da Quest 3Sekin. Gainera, bertsio ekonomikoak ez dauka sakontasun sentsorerik, eta ikuspegi esparrua pixkat murrizten da.
Touch Plus aginteekin dator, hori bai, baita Meta Quest+ zerbitzurako hiru hilabeteko harpidetzarekin, eta, esan bezala, Batman: Arkham Shadow berriaren doako alearekin; Meta Quest 3S zein Meta Quest 3 gailuen erosleek dohainik eskuratuko dute 2025eko apirilaren 30aren aurretik erosita.
Quest 3Sak bi modelo edukiko ditu, biltegiratze desberdinekin: 128 GBekoak aipatutako 330 euroak balioko ditu, baina 256 GBeko biltegiratzea nahi badugu, 440 euro ordaindu beharko ditugu.
Bestalde, iaz argitaratutako Quest 3aren prezioa murriztu dute Metakoek. 128GBeko modeloak 480 euro balio ditu orain —550 euroko prezioa zeukan—, baina gutxi iraungo du, laster saltokitik desagertuko baita. 512GBekoa, berriz, 550 eurotara merketu dute —700 euro balio izan ditu—.
Iruzkinak