Persona frankiziako azken atalen sortzaileen JRPG berria da. Datorren urtean kaleratuko dute.
Atlusekoek eta SEGA-koek duela egun batzuk Xbox Games Showcase aurkezpenean iragarritako Metaphor: ReFantazio interesgarriaren plataforma guztiak baieztatu dituzte: Xbox Series-etan nahiz PC-ko Xbox saltokian estreinatzeaz gain, PlayStation 5 eta PlayStation 4 gailuetan zein Steam plataforman kaleratuko dute.
Horrez gain, JRPG abenturak aldibereko nazioarteko argitalpena edukiko du 2024an; nahiz eta bideojokozale askok ziurtzat jo dezaketen, ez da ohikoena izaten Atlusen jokoekin. Esate baterako, Persona 5 Royale-n PlayStation 4-ko jatorrizko bertsioa ia urte erdi lehenago kaleratu zuten Japonian.
Atlusekoen Studio Zero talde berria ari da Metaphor: ReFantazio garatzen. Talde berria, baina enpresako izenik handienekin osatua: Katsura Hashino zuzendaria, Shigenori Shoejima diseinatzailea zein Shoji Meguro musikagilea, baita garatzaile taldeko beste hainbat kide ere, Persona 3, 4 eta 5 ataletan lan egindakoak dira. Hori horrela, obra berriak askotariko elementuak eta ezaugarriak partekatuko ditu Atlusen frankizia ospetsuarekin.
JRPG jokoa Project Re Fantasy izenarekin iragarri zen 2016. urtean. Ordutik hona ezkutuan eraman dute garapen prozesua, baina titulua sasoi onean dagoela erakutsi zuten Xboxekoen aurkezpenean.
Persona sagako ohiko elementu guztiak fantasiazko girotze areagotuarekin bilduko ditu Metaphor: ReFantaziok: iragarpen trailerrean ikus daitekeenez, taldekako txandakako borrokak, persona antzeko inbokazioak, egutegia, eta, nola ez, Shin Megami Tensei nahiz Persona sagetako etsaiak ageri dira.
Gidoiari buruz ezer gutxi dakigu: mundu edo dimentsio desberdinera bidaiatuko duen protagonistaren rola beteko dugu, bidean erresuma berria salbatzeko lana hartuta. Erabakiek berebiziko garrantzia edukiko dutela dirudi; aldi berean, adiskideekin sortutako “loturak eta harremanak” ezinbestekoak izango dira aurkeztutako erronkei aurre egiteko.
Studio Zeroko arduradunek zuzeneko berezia eskaini zuten atzo Metaphor: ReFantazioren girotzea eta oinarriak ezagutzera emateko:
Esan bezala, Metaphor: ReFantazio datorren urtean merkaturatuko dute PC, PS5, PS4 eta Xbox Series plataformetan.
Iruzkinak