Gammera Nest-ekin batera PlayStation Talents egitasmoaren aterpean garatu dute. PlayStation kontsoletan nahiz PC-an joka daiteke.
Akzioa, plataformak eta superheroiak biltzen ditu Bilboko rBorn Games estudioaren lan berriak. Haurrentzako MeteoHeroes telesailean oinarritutako abentura da: MeteoHeroes – Saving Planet Earth dagoeneko estreinatu da.
Mondo TV-ren telesaileko pertsonaiak batzen ditu, nola ez, abentura honek. Planeta garbiaren alde egingo dute Fulmen, Nix, Nubes, Pluvia, Thermo eta Ventum protagonistek. Bakoitzak botere eta mugimendu propioak edukiko ditu jokoak aurkeztutako erronkei aurre egiteko. Misio bakoitzean heroietako bi kontrolatuko ditugu.
Bederatzi kokaleku agintzen dituzte arduradunek: bost kontinenteak zeharkatuko dituzten beren helburua betetzeko eta Doctor Makina zein Maculans maltzurrak garaitzeko. Adin guztietako haurrei zuzendutako lana dela adierazi dute garatzaileek: jokoaren atal estetikoa ikusita argi geratzen da, grafiko koloretsuekin eta dibertigarrekin.
Gammera Nest garatzaile madrildarrarekin batera garatu dute obra hau rBornekoek; are gehiago, PlayStationen Talents ekimenarekin bat egin dute bigarrenez: bilbokoen lehen bideojokoa egitasmoaren babespean argitaratutako The Five Covens izan zen. Euskaraz estreinatu zen, eta horri buruz sakontasunean hitz egin genuen beraiekin Game Erauntsian argitaratutako elkarrizketan nahiz Jokoteknia jardunaldien IV. edizioan.
MeteoHeroes – Saving Planet Earth PlayStation 5 eta PlayStation 4 kontsoletan nahiz PCan estreinatu dira formatu digitalean; ordenagailuen kasuan Steam plataforman eskura daiteke.
Iruzkinak