Gaur kaleratu da Switch-ean Samus Aran espazioko ehiztariaren azken abentura. 2002ko Metroid Fusion-en jarraipen zuzena da.
Planeta ezezaguna, era askotako arriskuak, bakardadea eta ahultasuna. Metroid abentura guztien hastapenak modu horretara ematen dira, eta gauza bera gertatzen da gaur bertan estreinatu den Metroid Dread berrian. Argitalpena ospatzeko eta abenturaren ezaugarriak ezagutzera emateko trailerra argitaratu dute Nintendo-ko arduradunek.
MercurySteam talde espainiarra arduratu da Metroid 5 izenarekin ere ezagutzen den bideo-jokoa garatzeaz; ez da garatzaileak Samus Aranekin lan egiten duen lehen aldia, azken Samus Returns ere hauen esku egon baitzen. Dread 2002an Game Boy Advance kontsolarako kaleratutako Metroid Fusion maitatuaren jarraipena da, eta sagaren kronologiako azken atala.
ZDR planeta esploratzea izango da protagonistaren helburu nagusia: Federazio Galaktikoak X deitutako parasito arriskutsua bertan bizi dela uste du, eta EMMI deitutako robot bereziak bertara bidali ondoren, hauen seinalea galdu du.
Samusek gertatu dena ikertu beharko du, eta nola ez, planetara heldu eta gutxira bere botere eta ahalmen berezi guztiak galduko ditu. Askotariko arerio eta arriskuei aurre eginez abilezia horiek berreskuratu, berriak lortu, eta misterio beldurgarria argituko du.
Ohiko mekanikak bilduko ditu abenturak: esploratutako guneetatik aurrera eta atzera egin beharko da, mugimendu bereziak eskuratuta leku berrietara sarbidea lortuko baita. Etsai nagusien aurkako borrokak izango dira jokoko unerik zirraragarrienak, eta obra honetan beldurra ere pasako dute jokalariek hauetako batzuekin.
Jostagarritasun aldetik bi dimentsiotako abentura den arren, Samus Returnsekin egin modura hiru dimentsiotako atal teknikoak eratu dute MercurySteamekoek: Metroid inoiz baino hobeto ikusten da, plano bidimentsionalera itzuli arren.
Samusekin etorri da Switch berria
Metroid Dread estreinatzeaz gain, Nintendorentzako egun garrantzitsua da gaurkoa. Switch kontsola arrakastatsuaren modelo berria merkaturatu dute gaur: OLED bertsioa. Jatorrizko modeloaren aldean oso antzekoa bada ere, pantaila eraberritua nabarmentzekoa da; zazpi hazbeteetara handitu dute, eta izenak adierazten duen modura OLED motakoa izango da.
Nintendo Switch OLED bertsioa eta Metroid Dread eskuratu daitezke dagoeneko.
Iruzkinak