@arranobeltza erabiltzaileak egindako “Pokémon Ruby”ren itzulpenak Game Erauntsia komunitateko hautsak harrotu ditu. Aste honetan gure Telegram taldea sutan egon da; eta bideojoko-girotik at, euskal komunitatean, interes handia bereganatzea lortu du proiektuak. Honen harira, eta ikusita horrelako egitasmoek estali gabeko sektore bat bete ahal dutela, kideok joko gehiago itzultzera animatu gara. Ondorioz, hona hemen amaitu dugun lehenengo egokitzea, “Super Mario Bros.”ena, alegia.
Zer proiekturekin hastea erabakitze aldera, mito honi ekitea egokia zela pentsatu genuen. Ikonoa, mundu guztiak ezaguna, Historiako jokorik salduenetako eta inportanteenetako bat… azken batean, oso abiagune sinbolikoa. Horren ezaguna izanda, jokoa editatzeko dauden aukerak ongi dokumentatua daude, eta erremintak nahiko erabilerrazak dira (gure kasuan, SMB NES ROM Text Editor eta SMB Title Screen Editor programak erabili ditugu). Izan ere, adabakiaren lehengo bertsioa ordu erdi eskasean prest zegoen!
Probatzea besterik ez zen falta. Jarraian, partidan ateratako hainbat pantaila-argazkiak:
Zeuek jokatu nahi baduzue, hemen duzue adabakia, .ips formatuan. Laster, jokoan nola aplikatzen den argitzeko tutorial txiki bat argitaratuko dugu web gunean.
Bien bitartean, ekin jokatzeari! Eta egon adi, berehala proiektu gehiagoren berri emango dizuegu-eta!
Iruzkinak (1)
Iker Ibarguren April 29, 2016, 1:42 p.m.
Lan bikaina mutilak!!