Xbox, ZeniMax / Bethesda edo King taldeak eragingo ditu erabakiak, beste hainbaten artean.
Microsoftek bere enpresa eta talde anitzetan kaleratzeak iragarri ditu. Kanporatuko dituzten langileen zifra zehaztear badago ere, Variety atariak 9.000 inguru izango direla aurreratu du; lantaldearen % 4, alegia.
Bloomberg webguneko Jason Schreier kazetariak joan den astean aurreratutakoak baieztatu dira, beraz. Argitaratutako lehen artikuluan dioenez, “Microsoft mozketa handiekin hasi da Xbox dibisioan”, baina, esan bezala, kaleratze guztiak publiko egin arte itxaron beharko dugu zenbaki zehatzak ezagutzeko.
Bideojokoen esparruan ezagutu ditugun lehen datuak King enpresari lotutakoak dira. Candy Crush ezagunaren taldea % 10ean murriztuko dute Microsoftekoek: 200 langile kanporatuko dituzte, zenbait iturrik adierazi dutenez.
VGC ataria, berriz, Rare estudio britainiarrari begira jarri da: 2019an aurkeztutako Everwild proiektua bertan behera utzi dutela diote artikuluan, kaleratutako langileen kopurua aipatu gabe.
Tartean Xbox Game Studios taldeetako zein Bethesda eta bere estudio desberdinak hartzen dituen ZeniMax erraldoiko langile ugari kale gorrian geratzea ere aurreikusten da.
Inoiz baino jokalari eta joko gehiago Xboxen
Phil Spencer Xboxeko arduradun nagusiak langileei bidalitako mezua zabaldu dute Windows Central zein Bloomberg atarikoek. Ohikoak irakur daitezke bertan: “Bideojokoen dibisioa arrakasta luzerako bideratzeko eta hazkunde gune estrategikoetan ardaztea ahalbidetzeko, negozio eredu zehatzetan lana murriztu edo bukatu beharko dugu”, dio Spencerrek. Microsofti lotuta, hauen “lidergoa jarraitzea” du helburu, “administrazio geruzak ezabatuta bizkortasuna eta eraginkortasuna areagotzeko”.
Horrekin batera, aurkakoa adieraz ditzaketen hitzak idatzi ditu arduradunak: “Plataformaren, hardwarearen zein jokoen ibilbide orriak inoiz baino sendoagoak dira”, aldarrikatu du, aldi berean, inoiz baino “jokalari, joko eta jokatutako ordu gehien” dituztela azpimarratuz.
Datozen egunotan estudio eta lantalde desberdinetako egoera argitzen joatea aurreikusten da. Ez da, baina, Microsoftek zein Xboxek kanporatzeak bideratzen dituzten lehen aldia azken hilabeteotan; izan ere, laugarren kaleratze txanda handia da egungoa, irailean 650 langile kanporatu ondoren; 12.800 inguru, guztira, 2024an.
Iruzkinak