68,7 mila milioi dolarren truke bereganatu dute Redmond-ekoek Bobby Kotick-en enpresa.
Xboxek baieztatu duenez, Activision Blizzard bereganatu du. Modu horretara, Call of Duty, Warcraft, Crash Bandicoot, Diablo, Overwatch, Starcraft eta beste hainbat bideo-joko frankizia eskuratu dituzte Xboxekoek.
Erosketa ez da batere merkea izan: 68,7 mila milioi dolar ordaindu dituzte Microsoftekoek garatzaile ezaguna erosteko; zifra ofizialki iragarri ez duten arren, The Terminal agerkariko Dina Bass kazetariak baieztatu du diru kopurua.
2020an 7,5 mila milioi ordaindu zituzten Bethesda erosteko. Oraindik ez dira bateratuko, hala ere: Xbox Blog-ean iragarri dutenez, “transakzioa bukatu arte modu independentean jardungo dute bi enpresek”.
Bideo-jokoen mundua goitik behera aldatuko duen albistea da: Activision Blizzardek industriako sagarik eta frankiziarik esanguratsuenak biltzen ditu. Blizzard Entertainment, Infinity Ward, King, Toys for Bob, Treyarch eta askoz gehiago daude enpresak dituen estudioen artean. “Erosketa burutzerakoan Microsoft bideo-jokoen munduan etekin aldetik hirugarren enpresarik handienean bihurtuko da, Tencent-en eta Sony-ren atzetik”.
Hortaz, bideo-joko hauek Xboxeko eta PC-ko esklusiboak izatera igaroko dira, aurretik Bethesda-ren jokoekin gertatu zen modura. Horri garrantzia handia eskaini diote Microsoftekoek, Xbox Game Pass harpidetza zerbitzua behin eta berriro aipatuz blogeko artikuluan.
Izan ere, Activision Blizzard bereganatuta, hauen jokoak zerbitzu arrakastatsuan eskainiko dituzte Xboxekoek. Dagoeneko “25 milioi harpidedun” dituztela nabarmentzen dute, eta honen ostean zenbatekoa areagotzea espero da.
Activision Blizzardek bizi duen egoera zailaren ondoren dator berri hau. Bobby Koticken zuzendaritzapean zegoen enpresak arraza eta genero diskriminazio eta sexu jazarpen salaketak jaso ditu, industrian sekulako polemikak eraginda. Langileek salatu zutenez, Kotick abusu hauen jakinaren gainean zegoen; hala ere, zuzendaritza batzordea zuzendariaren alde agertu zen.
Hori horrela, ikusteko dago erosketaren ondoren Kotickek zuzendari kargua izaten jarraituko duen. Datozen egunetan are berri gehiago eskaintzea aurreikusten da.
Iruzkinak