Jadanik jokalari gehienek jakingo duzuen bezala, Game Erauntsiko Minecraft zerbitzariak bere ateak itxiko ditu urtarril hasieran. Ondo bidean, gero arte bat besterik ez da izango, ziur baikaude lehenago edo geroago berriro irekiko dugula. Abentura hau duela bi urte hasi zen Karenan egin genuen crowfundingari esker eta ordutik ia atsedenik gabe aritu gara jolasean. Denborak aurrera egin ahala jende berria batuz joan da eta horrek bizipen eta abentura gehiago ekarri dizkigu. Gogoratzen duzue, esate baterako, Korrika antolatu genuenekoa? Edo Durangoko Azokako altxorraren bila? Eta jokatutako 3 txapelketak? Minijokoetan eta gure EH birtualeko hiriburuak eraikitzen sartutako orduak ere ez dira gutxi izan.
Argi dago Minecraft zerbitzarian oso ondo pasatu dugula denok, eta Game Erauntsiko proiektu arrakastatsuenetakoa dela. Hala ere, atsedena hartzeko unea iritsi da. Bi urte denbora luzea da eta zerbitzariko admin izatea ez da erraza: martxan mantentzeak lan handia eskatzen du, eta, gainera, ekintzak antolatzen eta berrikuntzak sartzen aritu behar izaten dugu zuek ondo pasatzeko. Azken hilabetean, nekeak administratzaileon inaktibotasuna ekarri du, eta horrek jokalarien kopuruaren beherakadan eragin zuzena izan du. 214 MC jokalari erregistratu baditugu ere, gaur egun gutxi batzuk baino ez daude aktibo. Hori horrela izanik, atseden-tarte bat hartzea erabaki dugu, etorkizunean indarberrituta eta ideia berriekin itzultzeko.
Zerbitzariaren etapa honi amaiera emateko, aurretik arrakasta itzela izan duen The Towers txapelketaren 3.edizioa antolatzea erabaki dugu. Eman izena hemen eta Gabonetako oporretan primeran pasatuko duzu!
Ez genuke artikulu hau amaitu nahi jokalari guztiei eskerrak eman gabe. Izan ere, zuek izan zarete zerbitzariaren motorra, lehen euskal minecraft zerbitzaria errealitate bihurtu dutenak. Zerbitzariko mapa zein fitxategi guztiak zuen eskura jarriko ditugu deskargatu ahal izan ditzazuen.
Eskerrik asko eta laster arte!
Iruzkinak (2)
inigo27 Dec. 26, 2016, 6:28 p.m.
Nire ustez, berriz irekitzen baduzue hobe izango litzateko mod-ak sartzea. Hainbeste urte igaro ondoren minecraft normalak niri beintzat aspergarri iruditzen zait, mod-ekin joko berri bat ematen du.
Bingen Galartza Iparragirre Dec. 27, 2016, 5:10 p.m.
Nire intentzioa etorkizunean zerbitzaria berriro irekitzea litzateke bai, baina ikusiko dugu nola eta noiz egin. Modena aukera polita da, bere garaien ere atera zen ideia baina azkenean ez zuen aurrera egin.