60... ernatu eta zakurrari besta batzuk egin. 50... etxetik atera eta hegoaldera joan. 40... karramarroak alde batera utzi eta egurrezko zubira joan. 30... itsasotik haratago begira pauso laburrez oinez. 20... norbait bainatzen ari da, hurbildu. 10... "URA ATSEGINA ETA EPEL-EPEL DAGO!" entzun eta hil.
60... ernatu eta zakurrari besta batzuk egin... Ez, ez da Marmokaren eguna, MINIT da. Lau garatzaile indie-k elkarlanean sortutako abentura joko ederra da, orain euskaraz ere goza dezakeguna.
Gainontzeko abentura jokoek ez duten mekanika bitxi bat du: minutu bakarreko partida (edo bizi) motzak izanen ditugu jostatzeko tarte. Minutu baten buruan, hil, eta berriz ere etxean ernatuko gara. Helburu motzak bilatu eta horiek banaka-banaka osatu beharko ditugu, ez baitago gehiagorako astirik.
Premisa horrekin badirudi presaka aritu beharreko jokoa dela, eta hasieran horrela hasten gara normalean. Baina poliki-poliki konturatzen gara, jokoa ederki diseinatuta eta neurtuta dagoela, egin beharrekoak minutu batean egiteko arazorik ez dagoela. Beraz, esploratzeko arazorik gabe, bide zuzenak ikastea komeni da.
Bizitza horietan lortutako objektuak (ezpata, ureztagailua...) gurekin mantenduko ditugu bizitik bizira. Hala ere, aurkariak berriz agertuko dira beraien lekuetan. Bistan da, bizitzetan egindako gauza batzuk eragina dute hurrengoetan, baino bertze gauza batzuk ez. Etxe desberdinak geureganatzeko aukera ere izanen dugu, hil eta gero leku horietan ernatuz. Horrela, mapa guztian zehar ibiltzeko aukera izanen dugu 60 segundoko tarte ttiki horietan.
Joko azkarra da, eta baita laburra ere (nik 2 bat ordu behar izan nituen), baino pasatako minutu bakoitzari zukua atera behar zaio.
Itzulpenean zailtasunak
Orokorrean itzulpenak ez du lan handirik izan, testu nahiko errazak ziren, 700 baino gutxiago... Baaaino, jokoan zehar agertuko diren pertsonaia batzuk errimadun asmakizunak botatzen dituzte. Asmakizun horiek "paperean" itzultzea dibertigarria izan zen, errima bila.
Jokoan probatzean, baina, euskarazko asmakizunek ez zuten berezkoek zuten pistarik ematen. "Paperera" itzuli, ingelesezko eta gaztelerazko asmakizunak hartu eta errannahia bilatuta, altxor guztien bila joan behar izan nuen, euskaraz ere pista ahalik eta erabilgarrienak emateko.
Speedrunner-etan pentsatzen
Aipatu dut joko azkarra dela, eta, egileek hori buruan izanda, speedrun modalitatea txertatu dute. Behin jokoa bukatuta, hurrengo partidetan kronometroa martxan jarri dezakegu. Gainera, helburu batera ez garela ailegatzen ikusten badugu, beti dugu gure burua hil eta berriz etxean agertzeko aukera ahalik eta denbora gutxiena galduz.
Abiadura hori saritzeko lorpen bat ere txertatu dute jokoan, 25 saiakera edo gutxiagotan (25 minutu edo gutxiago) osatuz gero, MINIMALISTA lorpena zuretzat.
Artikulu hau irakurri duzun bitartean zure pertsonaia 4 edo 5 aldiz hil ahal izan da (gutxienez). Zenbat gauza egin ahal izan dituzu MINIT horietan?
Itzulpena deskargatu eta instalatzeko pausoak hemen dituzue. Edozein akats aurkitzen baduzue edo proposamenik baduzue, erran lasai, ahalik eta itzulpen onena egitea baita helburua.
Iruzkinak