Atal teknikoan askotariko hobekuntzak ikusiko dituzte PC-ko jokalariek, eta doako demoa edukiko du gainera. Aurten merkaturatu du Capcom-ek Switch kontsolan.
Munstroen ehizaren azken atala PCra iritsiko dela aspaldi baieztatu zuen Capcomek, baina Tokyo Game Show azokan egindako aurkezpen berezira arte itxaron du argitaratze data zehazteko. 2022ko urtarrilaren 12an iritsiko da Monster Hunter Rise Steam saltoki digitalera.
Martxoan Switch kontsola hibridorako estreinatu ondoren, ohikoa den modura era guztietako hobekuntzekin estreinatuko da ordenagailuetan. Hasteko, bereizmenak gora egingo du 4K-tara heldu arte, eta testurak kalitate hobeagokoak izango dira definizio areagotu horrekin behar bezala gozatzeko.
Ez hori bakarrik, ultrawide pantailentzako euskarria ere jasoko du PCko bertsioak. Segundoko irudien tasak gora egingo du, eta ahots txata edukiko du beste ehiztariekin komunikatzeko, teklatuarentzako eta saguarentzako euskarriarekin batera.
Guzti hau frogatu ahal izateko demoa ere agindu dute japoniarrek: urriaren 13tik aurrera jaitsi ahalko da Steametik. Bideo-jokoa erreserbatzen dutenek ehiztariei laguntzeko lana duten txakurrentzako eta katuentzako armadura bereziak jasoko dituzte.
PCko bertsioa ez da TGS azokan iragarritako gauza bakarra izan. Monster Hunterren zaleak ohituta daude beste joko ezagunekin egindako elkarlanak ikustera, eta oraingoan SEGA-ren Sonic triku urdinarekin eta Ghosts ‘n Goblins Resurrection propioarekin egingo dituztela ezagutzera eman dute Capcomekoek. Azken hau urriaren 29an hasiko dute, eta Arthur protagonistaren armadura lortzeko aukera emango du.
Bukatzeko, azken Nintendo Direct aurkezpenean iragarritako Sunbreak espantsioa ere gogoratu beharra dago: 2022ko udan kaleratuko dute Monster Hunter Riserako.
Iruzkinak