Egitasmoan parte hartzen ari ziren beste zenbait estudiorekin batera jakinarazi dute hartutako erabakia. One Last Breath garatzen jarraitzen dute.

Moonatic Studiosek sare sozialen bitartez zabaldutako prentsa ohar batean ezagutzera eman duenez, PlayStation Talents Games Camp ekimenetik bereizteko erabakia hartu dute. Nafartarren arabera, PlayStationekoen estudio hasiberrientzako egitasmoan “hartutako obligazioen betetzean desadostasunak” sortu dira.

Nafarrak euskaraz estreinatuko den One Last Breath 2.5 dimentsioko abentura garatzen ibili izan dira PlayStationekoekin elkarlanean. 2022 hasieran kaleratzeko asmoa zeukaten arren, ez da horrela izan; are gehiago, azken hilabeteetan ez dute jokoaren inguruko berritasunik eskaini, eta sare sozial desberdinetako trailerrak eta bideoak ezabatu egin dituztela ikus daiteke.

PS Talentseko egungo edizioko partaideek “bata bestearenganako probetxurako zen harreman adeitsua” mantentzen saiatu direla azpimarratzen dute oharrean; zoritxarrez, “ezin izan dira akordio batera iritsi”. Hori dela eta, ekimenetik aldentzeko erabaki zaila hartu dutela diote.

Ez da gaur gauza bera egin duen estudio bakarra. Moonaticekoekin batera ezagutzera eman dute hartutako erabakia Broken Bird Games, Gatera Studio eta Tapioca Games garatzaile espainiarrek. “Gure proiektuengan jarritako konfiantza eskertu nahi dugu”, diote estudioetako arduradunek. “Ekimenean parte hartzen diren egungo edizioko kideentzat zein etorkizunean ariko direnentzat esperientzia positiboa izatea nahiko genuke”.

Dena den, Moonaticekoek nahiz gainerako estudioek euren proiektuetan lan egiten jarraitzen dutela ziurtatu nahi izan dute. “Laster” berriak jasoko ditugula diote.