Naturaren kontrola hartu beharko da PlayStation Talents ekimenaren baitan sortzen ari diren obra honetan. PlayStation kontsoletan zein PC-an estreinatuko da 2022an.

Moonatic Studios garatzailea sortzen ari diren One Last Breath interesgarria guztiz euskaratuta estreinatuko da. Horrela jakinarazi dute PlayStationen aterpean lan egiten ari diren sortzaile nafarrek.

Naturaren pertsonifikazioan bilakatuko dira jokalariak abentura eta puzzleak batuko dituen 2.5 dimentsiotako obra honetan. Zorigaiztoko etorkizunean mundua munstroz eta arriskuz beteta dago: hauen helburua natura guztiz suntsitzea izango da, eta hori ekiditeko Gaia protagonistak bizitza zabaldu beharko du munduan zehar.

Hiltzen dagoen planeta salbatzeko askotariko abilezia bereziak erabili ahalko ditu Gaiak: erroak kontrolatzea, lianak sortzea eta ingurua eraldatzea ezinbestekoa izango da, besteak beste. Horiekin puzzleak gainditu eta etsaiengandik ihes egin dezake, bizia sentiarazi eta hedatzeko. Eneko Zubiaurre Moonatic Studioseko kideak azaldu duenez, Inside bezalako bideo-jokoak hartu dituzte oinarritzat One Last Breath sortzerako unean.

 

Gelako lan batetik PlayStationera

Estudioa Creanavarra ikastetxean eskaintzen den Bideo-jokoen Diseinu graduko ikasleek eratu zuten. Une honetan zazpi garatzailek osatzen dute taldea, baina hasiera batean bi lagun baino ez ziren. Zubiarrek azaltzen duenez, hasiera batean asmoa hirugarren mailan garatu behar duten bideo-jokoa ahalik eta txukunena izatea zen. “Gustura geratzeko jokoa sortu nahi genuen. Saltzeko asmorik gabe, harro egoteko bezalako lana baino ez genuen eratu nahi”, dio Zubiaurrek. “Agian ez gara gure bigarren, hirugarren edo laugarren bideo-jokoez oroituko, baina lehena beti eramango dugu bihotzean”.

Bideo-jokoa garatzen hasi, eta hau iazko Bilboko Fun&Serious ekimenean aurkeztea erabaki zuten: “bisitari bezala joan ohi ginen, baina bideo-joko bat esku artean izanda garatzaile moduan aurkezteko erabakia hartu genuen. Alfa bertsioa baino ez geneukan arren ilusioa egiten zigun bertan parte hartzeak”.

Esperientzia bilatzera joan ziren arren, hainbat banatzaile eta argitaletxeren begiradak erakartzea lortu zuten: “hamasei pertsonak eskaini ziguten bileran elkartzea”. Hori horrela, prestatzen ari ziren lanak etorkizuna zeukala ulertu zuten, eta Creanavarrako Arturo Monedero irakasle eta bideo-joko garatzailearengana jo zuten laguntza eske. Honek PlayStation Talents ekimenari buruz hitz egin zien, eta bertan izena eman ondoren, garatzaile txikiei laguntzera bideratutako proiektuan sartu ziren One Last Breath garatzeko.

Ekimenaren antolatzaileak nortzuk diren kontuan hartuta, argi dago One Last Breath PlayStation kontsoletarako garatzen ari direla Moonaticekoak. Ez hori bakarrik, harro agertu dira kontsoletan estreinatuko den lehen bideo-joko nafarra prestatzen ari direlako: “sortzen ari garen jokoarengatik harro egotea baino ez genuen bilatzen, eta PlayStationen kaleratuko den nafarroako lehen bideo-jokoa izango zela jakitea ezusteko hutsa izan zen guretzat”.

 

Kontsoletan zein ordenagailuan, euskaraz

PlayStation 5 eta PlayStation 4 kontsoletan argitaratzeaz gain, PC-rako bertsioan ere lan egiten ari dira nafarrak. Guzti horietan euskaraz jokatzeko aukera emango dutela baieztatu dute garatzaileek. Oraindik zehaztu ezin duten arren, One Last Breath beste plataforma batzuetarako prestatzeko gogotsu ere agertu dira, “etorkizunean”.

PS Talentsen baitan sortutako hainbat euskal bideo-joko guztiz euskaratuta argitaratu izan dira, hain zuzen ere. Horien artean daude Kaia Studios-en Dinasty Feud, Main Loop-en Submersed eta Itadaki Smash, Crevice Games-en Waves Out!, Rborn Games-en The Five Covens.

Argitaratze data ere zehaztu gabe utzi nahi izan dute nafartarrek: 2022ko lehen hilabeteetarako PS5, PS4 eta PC plataformetarako prest eduki nahi dute, egunik baieztatu gabe.