Gekokujo eraldatzearen arduradunek abiatutako proiektu berria da. Sengoku Jidai aroko gudu zelaietan barneratuko gara.

Shokuho mod proiektuari argitaratze data jarri diote Shokuho estudioko egileek. Mount & Blade II: Bannerlorden oinarritutako eraldatzea ekainean estreinatuko da.

Erdi Aroan kokatuko da, jatorrizko bideojokoak egin bezala; oraingoan, baina, Japoniara bidaiatuko dugu, aurreko Mount and Blade: Warband-en Gekokujo eraldatzeak egin bezala. Horrela, 1568. urteko Sengoku Jidai aroko guduetan parte hartuko dugu Shokuhon.

Aldaketa gehiago dakartza, halere: Japoniatik zehar gure jauntxoaren izenean borrokatuko dugu. Trebeak bagara, buruzagiaren arreta erakarri, eta mailaz igotzen joango gara, ekipamendu hobea eskuratuta zein armada handiagoak gidatuta. Gudu osteko arpilatzeetan ere arma nahiz armadura berriak eskura ditzakegu hildakoen artean bilatuz… baina, kontuz, beste soldaduek ere gauza bera egingo baitute, eta ez dira harrapakinak oparitzeko prest egongo.

Ashigaru soldadu txirotik samurai boteretsua izateraino iritsiko gara, beraz, bidean ere borroken dimentsioak areagotuta. Basoak edo zelaiak izango dira gure ibilbidearen hastapenak, baina aurrera egin ahala gaztelu japoniarrak setiatuko edo herrixka zaharretan barneratuko gara Japonia osoan zehar.

Proiektu benetan interesgarria dirudi egun indar betean jarraitzen duen Bannerlordentzat: aldibereko 20.000 jokalariak gainditzea lortzen du egunero. Ez dira zifra makalak 2022an estreinatutako bideojokoarentzat —2020an, aurretiazko sarbidea kontuan hartuz gero—.

Mount & Blade II: Bannerlorden Shokuho mod proiektua datorren hilabetean iritsiko da PCra. Oinarrizko jokoaren Steam Workshop orrialde bidez jaitsiko eta instalatuko dugu; bestela, ModDB zein Nexus Mods webguneetan ere aurkituko dugu.