Diotenez, produktu baten arrakasta neurtzeko oso adierazle ona omen da izen komertziala saltzen denaren sinonimo izatea (Tippex edo Post-It, esaterako); eta hori da, hain zuzen, Nintendok urte askotan bere Entertainment System bideokontsolarekin lortu zuena. NES izenarekin ezagutu genuen makina ospetsu hau Europara heldu zitzaigun 1986ko irailean; beraz, aurten bere 30. urteurrena da.
Euskal Herrian SEGAren Master System-a oso ezagun izatera ere ailegatu zen, baina salmentek agerian uzten dute ikastetxeetako patioetan nolabait nabaria zena: SEGAk mundu mailan 13 milioi makina saldu zituen; Nintendok, aldiz, 62 milioi. 8 bit-eko sistemen borrokan bigarren postua lehenengotik oso urrun geratu zen. Zer dela eta? Ba hainbat arrazoi daude, batzuk besteak baino ilunagoak.
Lehenik eta behin, analisi ofizialetan azalpen adostuen moduan maiz agertzen dena; hau da, kalitatea. AEBetan, Atari enpresaren hainbat erabaki oker zirela eta, bideokontsolen salmentak krisi larria pairatzen ari ziren. Produktu txarrak zirelaren ospea izanda, komertzio askok erabaki zuten produktu hauek gehiago ez saltzea. Hau jakinda, Nintendori estrategia arriskutsu bat okurritu zitzaion: NES goi-teknologiako jostailua balitz salduko zuen, “ordenagailu” kontzeptua baztertzen saiatuz. Honekin lotuta, bere makinarako diseinatutako programa guztiek kalitate-kontrol zorrotzak pasatu beharko zituzten (“Nintendo Seal of Quality” ospetsua sortuz); eta, hauek onak izango zirela ziurtatzeko, kanpoko enpresek ezingo zuten urtean bost joko baino gehiago merkaturatu.
Mugimendua bikaina izan zen epe ertainerako, eta Historiako saga ezagunetariko batzuk garai horretan jaio ziren. “Super Mario Bros.”-ena esaterako (lehenengo atalak 40 milioi unitate inguru saldu zituen, historiako bigarren salduena “Wii Sports”-en atzetik), eta Nintendoren lorpen handiak: “Donkey Kong”, “Metroid” eta, batez ere, “The Legend of Zelda”. Kanpoko garatzaileek ere ondare polita utzi zuten, Konami-ren “Castlevania” eta “Metal Gear” sagak esaterako; Capcom-en “Mega Man” eta Square-ren “Final Fantasy”-ren lehenengo atalak.
Ostera, eta tamalez, argi dago politika monopolista honekin gauza asko ere galdu genituela. Lehen aipatutako arauetan garatzaileek bete behar zuten esklusibotasun klausula ere bazegoen; hau da, gainerako etxeek NESen argitaratu nahi bazuten debekatuta zuten konpetentziarako programatzea. Gainera, kartutxo kopuru minimo bat ekoizteko derrigorrean hartu beharreko konpromezua ere bazegoen, hauen prezio altuangatik garatzaile independiente eta txikiek hartu ezin zutena.
Halaz ere, argi dago egun, 30 urte eta gero, NESek, euskal herritar askorentzako lehenengo bideokontsolak, lekutxo bat lortu duela gure bihotzetan. Honetaz jakitun, Nintendok bertsio berri bat kaleratuko du azaro honetan bertan (NES Classic Mini, memorian instalatutako 30 jokorekin), eta baietz honek ere arrakasta komertzial itzela izan.
Beharbada, egun “Play-a” izango da modan dagoen “bideokontsola” esateko sinonimoa; alabaina, beti izango dugu Nintendo.
(OHARRA: Deia egunkariko Ortzadar aldizkarirako idatzitako artikulua).
Iruzkinak