Julen Irazoki, Ibai Aizpurua eta Mikel Dale euskal sortzaileen tituluan euskaraz aritu gaitezke. Iaz estreinatu zen Android gailuetan.
Iphone eta Ipad gailuek Munstro puzzle joko euskalduna jaso dute. EztulaBadula garatzaileak iOS sistema eragilerako App Store saltokian argitaratu du doako titulua.
Android gailu mugikorretan estreinatu zen Munstro joan den azaroan, erabiltzaileen artean arrakasta eskuratuta. Egileek diotenez, “herriaren nahiari kasu eginez” hartu dute iOSen kaleratzeko lana.
11 munstro biltzea proposatzen digu, hauek fusionatuz edo batuz. Threes! edo 2048 ezagunen mekanikak bereganatzen ditu Julen Irazokik, Ibai Aizpuruak eta Mikel Dalek elkarlanean garatutako ideiak; hau da, itxura berbera daukaten munstroak errenkada berean kokatzea eta norabide batean irristatzea da jokoaren helburu nagusia.
Munstro berberak batuko ditugu —bi, mugimendu bakoitzean—, puntuak eskuratuta, eta are munstro handiagoa zein beldurgarriagoa eratuta. Sortutako munstro berriekin gauza berbera egiteko unea izango da: munstroa geroz eta beldurgarriagoa, puntu gehiago gehituko ditugu gure kontagailura.
Zailtasun maila desberdinen artean hauta dezakegu partida hasi aurretik. Taularen neurriaren arabera aldatuko da erronka: 3×3, 4×4, 5×5 edo 6×6 tamainako taulak azalduko zaizkigu.
Proposamen sinplea, baina benetan adiktiboa. Desafioak erraza badirudi ere, partidan aurrera egin ahala lauki sarea betetzen doala ikusiko dugu, eta hurrengo mugimenduak hausnartzen hasi beharko gara. Aizpuruak prestatutako plastilinazko estetika koloretsuarekin, eta Daleren soinu banda dibertigarriarekin, Irazokik pentsatutako erronka borobiltzea lortu du hirukoteak.
Munstro App Store zein Androiderako Play Store saltokien bidez deskarga dezakegu, dohainik eta euskaraz.
Iruzkinak