N64Recomp tresnarekin sortutako proiektu berria da. Aurretik The Legend of Zelda: Majora’s Mask bikainaren port-a prestatu dute zaleek.
Nintendo 64ko klasiko maitatuak PCra eramaten jarraitzen dute zaleek. Azken port Mystical Ninja Starring Goemon mitikoarena da: ordenagailurako bertsio natiboa prestatu du Klorfmorf erabiltzaileak.
Orain aste batzuk aurkeztutako N64: Recompiled proiektuari esker garatutako bertsioa da. Birkonpilazio estatikoari esker Goemon PCra eraman, eta titulua hobetu du Klorfmorfek: adibidez, segundoko 60 irudien tasa inplementatzea lortu du, baita pantaila zabalentzako euskarria ere.
Zoritxarrez, oraingoz Mystical Ninja Starring Goemonen ROM japoniarrarekin soilik funtzionatzen du birkonpilatze tresnak; hau da, testu japoniarrekin jokatu beharko dugu. Hemendik jaitsi dezakegu erreminta.
1997ko titulua 64 bits-eko kontsolan estreinatu ziren hirugarrenen jokoetatik handienetako bat dela esan daiteke. Japonian bide luzea zeukan saga zen Goemon ninjarena, baina Europara ofizialki iritsi zitzaigun sagako bigarren jokoa izan zen.
3D abentura erraldoia proposatzen ziguten Konami-koek. Super Mario 64 eta The Legend of Zelda: Ocarina of Time artean zegoen plataforma eta esplorazio abentura da: fantasiazko Japonia zeharkatuko dugu Goemon, Ebisumaru, Sasuke eta Yae ninjekin, bakoitzak bere abileziak eta ezaugarriak erabiliz.
Umore mordoa, grafiko koloretsuak eta gidatzeko mecha robot erraldoiak, denetarik zeukan klasiko honek, baita Hironobu Kageyama-k —Dragoi Bola Zko hasierako eta amaierako abestien musikagileak— egindako sarrera abestia ere.
Nintendo 64ko liburutegi osoa ordenagailuetan
N64 Recomp proiektua lehen pausoak ematen hasi da, beraz. Goemonekin batera The Legend of Zelda: Majora’s Mask aparta goza dezakegu natiboki gure ordenagailuan. Kasu honetan ere, 60 fps-ak, pantaila zabalentzako euskarria, kameraren kontrolak eta ezaugarri gehiago inplementatzen dizkio bertsio originalari.
Wiseguy tresnaren arduradunak dioenez, proiektuak N64ko edozein bideojoko birkonpilatzea ahalbidetu beharko luke; dena den, titulu bakoitzarekin aldaketak egin beharko lirateke. Hori dela-eta, port berriak pixkanaka datoz komunitatearen eskutik.
Iruzkinak