Mike Verdu EA Mobile estudioko arduradun ohia kontratatu dute. Streaming plataformaren baitan eskainiko dituzte jokoak.
Bideo-jokoen garapenean sartzeko prest agertu da Netflix, Bloomberg agerkariak adierazi duenez. Albistea ez dator ustekabean: maiatzean bideo-jokoen alorreko ekimenak bideratuko dituen exekutiboa bilatzeari ekin zioten streaming plataforma zerbitzu famatuko arduradunak.
Ez dago argi zer nolako jokoak sortuko dituzten, baina kontratatu duten arduradunarekin hartuko duten ibilbidea suposa daiteke. EA Mobile estudioko arduradun nagusia izandako Mike Verdu izango da Netflixen lehen jokoen antolakuntzaz arduratzearen lana hartuko duena. Sims, Plants vs. Zombies eta Star Wars sagetako jokoak garatzeaz gain Zynga eta Oculus enpresetan ere ibili izan da Verdu.
Berri hau orain hilabete batzuk zabaldutako beste bati gehitzen zaio: bideo-jokoak sortu ez ezik, film, telesail eta dokumentalen streaming plataforman bertan eskainiko dituzte joko horiek.
Hortaz, bideo-jokoen Netflix hau orain arteko zerbitzuari gaineratuko dute, “ezer gehiago kobratu gabe”, Bloombergen arabera. Bideo-jokoak datorren urtean gehituko dira Netflixen eskaintzara. Ikusteko dago bertako bilduma Netflixen obra propioetara mugatuko ote den edota beste estudio eta enpresen lanak eskuratzeko ahalegina egiten duten.
Iruzkinak