Izenak zein modeloak aldatu behar izan ditu Lilith Walter garatzaileak. Hamabi pertsonaia eta hamasei zirkuitu bilduko ditu PCan.
Nightmare Kart eroak argitalpen data jaso du azkenik. FromSoftware estudio japoniarraren Bloodborne beldurgarria inspirazio iturritzat duen lasterketa jokoa maiatzaren 31n kaleratuko du ordenagailuetan, musutruk, Lilith Walter bideojokozale zein garatzaileak.
Proiektua hasieratik jarraitu baduzue, lehen Bloodborne Kart izenaz ezagutzen zen jokoa da, hain zuzen ere. Sony-tik Bloodborni egindako keinuak aldatzeko eskaera heldu zitzaion Walterri, eta kart jokoan azaldutako modeloak, abestiak edo izenak eraldatzeari ekin zion, izenburuaz gain.
Ahaztu beraz Gehrman edo Lady Maria kontrolatzeaz. FromSoftwaren jokoari keinu apalagoak egiten dizkieten elementuak aurkituko ditugu Nightmare Karten.
Arkade lasterketa zoroak bizitzera eramango gaitu zaleen bideojokoak: derrapeak, objektuak, turboak, trikimailuak eta lasterbideak ikusiko ditugu nonahi. Ezpatak, aizkorak, pistolak zein eskopetak erabiliko ditugu, Bloodbornen bezala; hauekin, aurkarien artean triskantzak sortzeari ekingo diogu.
Halako tituluen bihotza multijokalarian aurkitzen da, eta Walterrenak ez du alboratu. Bakarka edo zatitutako pantailako multijokalarian aritzea ahalbidetu digu.
Ez da egileak Bloodborne oinarri hartuta sortzen duen lehen bideojokoa. Aurretik Bloodborne demake proiektua burutu zuen, jatorrizko jokoa PSX kontsolako grafikoetara egokituta.
Steam nahiz Itch.io saltokien bidez jaitsi ahalko dugu Nightmare Kart. Aipatu modura, doan kaleratuko da maiatzaren 31n.
Iruzkinak