Red Candle Games taiwandarraren jokoa maiatzean estreinatu zen ordenagailuetan, balorazio apartak eskuratuz.
Nine Solsek kontsoletarako argitalpen data zehaztu du bideo berriaren bidez. Azaroaren 26an argitaratuko da PlayStation 5, PlayStation 4, Xbox Series, Xbox One zein Switch gailuetan.
Asiar mitologiaren elementuak hartzen dituen metroidvania odoltsua dugu Nine Sols. Red Candle Games estudio taiwandarra taopunk estetikaz —halaxe deitzen diote beraiek, behintzat— baliatu da tradizioz eta teknologiaz betetako mundu aberatsa sortzeko.
Katu itxurako Yi protagonistan bilakatuko gara. Bere helburua: bederatzi Sol maltzurrak akabatzea. Horretarako, New Kunlun izeneko hiri erraldoia zeharkatuko dugu Sekiro-ren antza duten duelu bizkorretan parte hartuz, zoko guztiak esploratuz eta abilezia berriak lortuz.
Istorio sakonarekin zein bi dimentsioko atal estetiko ederrarekin, Hollow Knight bezalakoen oinordeko bikaina da taiwandarrena. Joan den maiatzaren 29an estreinatu zen Nine Sols PCan, ikaragarrizko balorazioak lortuz bai prentsaren, bai jokalarien aldetik: Steam plataforman jokatu dutenen % 92k gustatu zaiela adierazi du.
Ordenagailuko bertsioaren demoan euskaraz jokatzeko aukera zegoen, gainera, Ibai Oihanguren nekaezinak egindako itzulpenari esker; zoritxarrez, demoa ezabatu dute egileek.
Esandakoa: Nine Sols azaroaren 26an iritsiko da PlayStation, Xbox nahiz Switch kontsoletara.
Iruzkinak