Hades estiloko mekanikak bereganatuko ditu. Apple Arcade harpidetzan estreinatu ondoren, Nintendo Switch-eko bertsioa uztailaren 17an kaleratuko dute.
Teenage Mutant Ninja Turtles: Splintered Fate itxurosoa ez da Switchean geratuko: Super Evil Megacorp estudioak PCko bertsioa iragarri du. Aurten kaleratuko da: urteko azken hiruhilerako prest egotea aurreikusten dute.
Bogan dagoen akziozko roguelike jokoen mekanikak hartzen ditu; zehazki, Hades ezagunaren klona dela esan daiteke, bere berezitasunekin. Hasteko, nola ez, lau ninja dortoka gazteak dira protagonistak: Leonardo, Raphael, Michelangelo eta Donatello maitatuekin ariko gara.
Bakoitzak bere arma nagusiak zein abilezia bereziak erabiliko ditu ikuspegi isometrikodun borroketan aritzeko. Partidan zehar lortuko ditugun ausazko objektuekin, baina, aukerak biderkatuko zaizkigu, eta jokatzeko era aldatu. Txanpon preziatuei esker gure dortokak behin betiko hobetzeko indartzaileak desblokea ditzakegu.
Indartzaile horiek betirako mantenduko diren bitartean, saialdietan mailak zein eskuratutako objektuak aldatzen joango dira; ikusten duzuenez, Supergiant Games-ekoen Hadesek proposatzen duten premisa berbera.
Splintered Faten aldaketarik esanguratsuena lau dortokek eskaintzen dute; izan ere, multijokalari kooperatiboan aritzeko aukera edukiko dugu abentura osoan zehar. Lau lagun elkarrekin batu daitezke erronka guztiak gainditzeko.
Steameko bertsioaren fitxan tokiko zein online kooperatiboa aipatzen dira; ez hori bakarrik, Remote Play Together aukerarekin erabiltzaile bakar batek jokoa edukitzea nahikoa izango da multijokalarian aritzeko.
Teenage Mutant Ninja Turtles: Splintered Fate iaz estreinatu zen iOS gailu mugikorretarako Apple Arcade harpidetza zerbitzuan. Apirileko Nintendo Indie World aurkezpenean Switcheko bertsioa iragarri zen: uztailaren 17an merkaturatuko dute. PCko bertsioa orain aurkeztu dutenez, agian PlayStation eta Xbox kontsoletako port-ak ere abian dira.
Ordenagailuko jokalariek, esan bezala, urte bukaerara itxaron beharko dute ninja dortoken bideojoko berria eskuratzeko.
Iruzkinak