Estudioaren erosleen bila zebiltzala berretsi zuten duela egun batzuk, baina negoziazioek kale egin dutela dirudi. Senua-ren joko berria iragarri zuten ekainean.
Ninja Theory lantaldeko hainbat garatzailek kaleratzeak baieztatu dituzte, sare sozialetan zabaldutako mezuen bitartez.
Egun, Xbox Game Studios markapean aurkitzen den taldea salmentan jarri zuen Xboxek uztailean. Duela egun batzuk, Xboxen berrabiatzeko bigarren fasea aditzera emateko argitaratu zuten prentsa oharrean aipatzen zenez, eroslerik gabe, estudioa osorik desegiteko arriskuan aurkitzen da; izan ere, bi akordio bertan behera geratu ziren balizko erosleekin. Hori horrela, Xboxekoek argi utzi zuten, emango zuten hurrengo pausoa estudioko langileekin itxiera negoziatzen hastea zela nabarmenduta.
Hedabide eta medio desberdinek kaleratze batzuk baieztatu dituzten arren, datozen orduetan are gehiago ezagutaraztea espero da.
Egoera bitxia da Ninja Theoryrena. Ekaineko Xbox Games Showcase emanaldian Senua berria aurkeztu zuten: Hellblade sagaren hirugarren atala, alegia. Hori ikusita, estudioa oraindik babespean zegoela zirudien, baina ez da horrela izan; horren ordez, Senua iragartzearen arrazoia beste argitaletxe edo enpresa batzuk erakartzearena izan da.
Cambridge-n eratutako taldea beterano hutsa da: 2000. urtean hasi ziren bideojokoak garatzen. 26 urteko ibilbidean Hellblade jokoak, DmC: Devil May Cry, Heavenly Sword, Enslaved: Odyssey to the West edo Bleeding Edge garatu dituzte, besteak beste.
Lander Unzueta
Iruzkinak