Monolith Software garatzen ari den JRPG abenturaren berritasunak zehazteko 20 minutuko aurkezpena dela aurreratu dute japoniarrek.
Nintendokoek ez dute ekaina euren aurkezpenik gabe igarotzerik nahi. Sare sozialen bitartez jakitera eman dutenez, bihar bertan Nintendo Direct aurkezpena eskainiko dute. Hainbat bideojokori zuzendutakoa izan beharrean, titulu bakar batean ardaztuko dira oraingoan: Xenoblade Chronicles 3n, hain zuzen ere.
16:00etan hasiko dute zuzenekoa. Iraupena ere baieztatu dute: 20 bat minututan Monolith Softwaren obrari buruzko xehetasunak, mekanikak eta berritasunak argituko dituzte. Jokoaren jarraitzaileei harritu egin die horren aurkezpen luzea iragartzeak; izan ere, dagoeneko jokoari buruzko informazio nahikoa daukagu.
Otsailean iragarri zuten sagako hirugarren atala: ordu hartan irailean kaleratuko zutela aipatu arren, data aldatu egin zuten aste batzuk pasata. Ez, ez zuten atzeratu: horren ordez, uztailaren 29ra aurreratu zuten japoniarrek.
Azken hilabeteotan JRPG abenturaren borrokei, istorioari, pertsonaiei eta mekanika desberdinei buruzko informazioa zehaztu dute Monolithsoftekoek: zazpi bat pertsonai kontrolatu ahalko ditugu aldi berean borroketan, eta hauek bikoteka ahalmen bereziak erabiltzeko aukera edukiko dute Interlink izeneko sistema berriarekin.
Ohi bezala, robot erraldoiak eta esploratzeko mundu ireki ikusgarria bilduko ditu japoniarren lanak. Garatzaileek azpimarratu zutenez, lehenengo eta bigarren atalak batzea da asmoa; biak lotuta zeuden arren, istorio desberdinak kontatzen zituzten.
Nintendoren aldetik Direct baten iragarpena espero zuten askok ekainerako. Hala ere, datozen hilabeteotako bideojokoei orokorrean hitz egiteko zerbait aurreikusten zen; Alanah Pearce IGN agerkariko kazetari ohiak —orain, Sony Santa Monica estudioko gidoilaria— ekainaren 29an Direct orokor bat egongo zela adierazi zuen sareetan. Ikusteko dago Xenobladen zuzeneko honi buruz zebilen, edo N Handikoek beste aurkezpen bat prestatu ote duten.
Dena den, Xenoblade Chronicles 3ren Nintendo Direct aurkezpena bihar, ekainaren 22an, egingo dute enpresaren Youtube kanaletatik 16:00etan.
Iruzkinak