‘Nintendo Labo’, bideo-jokoen mundu astinduko duen joko berria, kartoiz eginda dago. Produktu sinple baina erakargarri honekin, etxeko txikienek sormena landuz gozatzeko aukera izango dute.

 

Hilabete honetan betetzen da urtebete Nintendok bere azken kontsola, Switch izenekoa, argitaratu zuenetik. Azken urte honetan horren inguruan izan diren zalantzak (WiiU-aren porrotak eraginda) guztiz ezabatuak izan dira. Kontsolak harrera bikaina izan du eta arra- kasta handia ari da izaten.

 

Baina zerbait argi baldin badago, hori da Nintendo ez dela daukanarekin konformatzen. Beti ahalegintzen da berrikuntzak ekartzen, bai hardware, baita software mailan ere. Berea izan zen Wiimote-aren ideia eta horrekin batera etorri zen Wii-aren garaia. Berea da 3D-aren erabilpena Nintendo 3DS-an, bi pantailak WiiU-an eta kontsola hibridoa Nintendo Switch-en, beste hainbat ideia eta proposamen eraldatzaileren artean.

 

Oraingoan beste berrikuntza polit eta harrigarri batekin datorkigu. Eta kasu honetan kartoia du ardatz. Bai, ondo irakurri duzue: kartoia. Horixe izango da datozen hilabeteetan bideojoko dendetan aurkituko dugun nobedade berriena. Nintendo Labo da bere izena. Eskulanen kit antzeko bat da finean, eta jokalariak bere gailuak sortu beharko ditu, gero horiek Switch kontsolarekin konbinatzeko. Adibidez, pianoa, motorra edo robota daude gailu horien artean eta kontsolarekin hartu ema- na zuzena izango da horien bidez. Pianoaren kasuan, Switch-ak musika  joko du  edota robota Switch kontsolaren bidez kontrolatuko da, urrutiko agintea balitz bezala.

 

 

Bi kit ezberdinetan salduko da Nintendo Labo; batean 5 gailu sortzeko kartoia izango dugu eta, bestean, robot jantzi bat sortu ahal izango dugu. Biek edukiko dute Switch-erako jokoa barne. Kit hauek 69,99€ eta 79,99€ko balioa izango dute hurrenez hurren, eta apirilaren 27an jarriko dira salgai ohiko dendetan.

 

Lehenengo kit-ak Toy-Con 01 izena izango du. Horren bidez, 5 gailu sortu ahalko ditugu:

 

Motorra: Kartoiaz motorraren esku- lekua egingo da eta erdian Switch-a jarriko zaio. Horrela, eskulekuaren mugimenduaz kontsolan jokoan ageri den bidean motorra ezker eskuin mugituko da

Antenauta: Urrutiko aginte bidez kontrolaturiko kotxea izango da. Kartoizko kotxeari Joy Con-ak ipini eta Switcharen bidez urrunetik hori kontrolatzeko aukera egongo da.

Kanabera: Kartoiaz arrantzarako kanabera egin eta horri Joy-Con-ak ipiniz arrantzan egin ahal izango dugu Switcharen pantailan.

Etxea: Kartoizko etxearen zulo ezberdinetan bloke batzuk sartuz, Switch-ak horiek detektatu eta izaki maitagarri batekin jokatu, jaten eman eta beste hainbat ekintza egin ahal izango dira.

Pianoa: 13 tekladun pianoa kartoiz sortuko da eta Switch eta Joy Conak bertan sartuz sakatutako teklak Switchak erreproduzituko ditu.

 

Bigarren Kit-a Toy-Con 02 izango da eta horretan robot baten jantzia sortuko dugu. Motxilaren alde bakoitzean Joy Con aginteak sartuko zaizkio eta, ondoren, Switchean edo telebistan honekin jokatzeko aukera egongo da.

 

 

 

BERRIKUNTZA

Hasieran kritika zorrotzak jaso zituen Nintendoren  produktu berriak. Askoren ustetan, kartoia soilik zen produktu bat prezio horretan saltzea garestia zen. Baina ezin da ukatu harrera ona ere izan duela beste askoren aldetik. Umeentzat (eta ez hain umeentzat) jostailu ezin hobetzat jo dute kritiko eta komunikabideek, helburua jokalarien sormena lantzea dela azpimarratuz. Beste behin, argi geratu da Nintendo dela bideo-jokoen munduan zerbait ezberdina egitera arriskatzen den bakarra. Horrelako erabakiak hartuz, batzuetan asmatu eta beste batzuetan huts egin dute, baina ezin zaie leporatu ez direnik ahalegintzen berrikuntzak sartzen, urteroko  futbol jokoez  kopaturik dagoen industria honetan.

 

Nintendo Switch bat dutenentzat esperientzia ezberdinak edukitzeko aukera ezin hobea izango da Ninten- do Labo, eta bere kabuz  kontsola asko salduko dituen produktua ere izango da, seguruenik. Beste askori, ordea, bideo-jokoei buruz duten irudia aldatzeko balioko die, eta, agian, industria honek dituen topiko ugari isiltzeko ere balioko du.