Momiji Games taldeko Naiara Solozabal garatzaileak euskaratu du bideojokoa: ofizialki dago gure mintzairan. PCan aurkituko dugu.

Hotel iluna, misterio ugari, puzzleak eta une beldurgarriak biltzen dituen point & click abentura da No Vacancy Tonight. Steam plataforman argitaratu zen irailean; asteon argitaratutako eguneraketarekin, ofizialki euskaratu dutela aditzera eman dute egileek.

Momiji Games talde katalaneko Naiara Solozabal kidea arduratu da lokalizazio lana burutzeaz: jokoko testuak zein menuak gure hizkuntzan aurkitu ditugu, beraz. Arduradunek azaldu dutenez, asmoa euskaratzea jokoa irailean estreinatu zenerako prest egotea zen; “azken orduko arazoen” ondorioz, itzulpena abendura berandutu zuten.

Bertan behera utzitako 86 hotelean esnatuko da protagonista. Azkar batean ohartuko da zerbait bitxia gertatzen ari dela… eta harrapatuta dagoela. Ihes egiteko helburuarekin, puzzle desberdinak gainditzen ariko gara berarekin batera, objektuak bilduz eta hauek erabiltzeko kokalekuak aurkituz.

Noski, ez da horren erraza izango: hotelean zehar izaki beldurgarriak aurkituko ditugu. Sekretu arriskutsuetan geroz eta gehiago barneratu ahala, estuago eta larriago ibiliko omen gara, Amnesia bezalako abentura ezagunengadik elementuak bereganatzen dituen obran.

PCan joka dezakegu No Vacancy Tonight; horrez gain, Steam plataforman doako demoa proba daiteke erosi aurretik. Demoa zein joko osoa euskaraz daude ofizialki.