Vlambeer estudioaren 2015. urteko roguelike maitatua euskaratu du Game Erauntsia Elkarteak. PCko bertsioa itzul daiteke, oraingoz.

Nuclear Thronen euskaraz joka daiteke dagoeneko. Tiroketak, mutazioak, roguelike elementuak, galdutako partida mordoa eta umorea elkartzen dituen obra independente arrakastatsua itzulpen ez ofizialari esker lokalizatu da gure hizkuntzara.

Ikuspegi isometrikoarekin, etsaiz betetako maila laburrak gainditzea proposatzen digu bideojokoak, tronu nuklear misteriotsua konkistatzeko helburuarekin. Desblokeatutako pertsonaietako bat hautatu beharko dugu partida bakoitzaren hasieran —bakoitzak berezitasunak dituela, noski—, tirokatzen eta etsaien bala zaparradak saihestuta, guneetako arerio guztiak akabatuz. Bidean denetariko armak eskuratuko ditugu, baita rads —erradiazio— puntuak ere: azken hauei esker, mailaz igoko gara, mutazio boteretsuak desblokeatuz zailtasun gorenari aurre egin ahal izateko.

Teleportatzeak, hormak behera botatzea, etsaiak hiltzean bizitza puntuak berreskuratzea, munstroak ukitzerakoan mina eragitea… denetariko aukerak daude, baina ausazkoak izango dira. Gainera, abilezia bereziak ere kontuan hartzekoak dira, txiribueltak emateko, ezkutuak sortzeko edo zepoak jaurtitzeko aukera edukiko baitugu Urtu, Kristal edo Landare pertsonaiekin, besteak beste.

Tiroen infernu kutsua hartzen du bideojokoak, Game Erauntsian sarritan aipatu dugun Enter the Gungeon-ek egin bezala. Adi eta bizkor aritu beharko gara, hortaz, tirokatzen eta saihesten, mailetan ageri daitezkeen etsai nagusiengandik ihesean zein sekretu bila. 2015. urtean estreinatu zuen Vlambeer taldeak, balorazio bikainak eskuratuta; ordutik hona, bideojokoa txukuntzen aritu dira, azken 100. eguneratze handia 2025 bukaeran estreinatuta, jokoaren 10. urteurrenean, alegia. Lau jokalarirentzako kooperatiboa, itxura berriak, neurriko modalitatea eta beste zenbait berritasun gehitu zituzten oreka eta akats zuzenketen artean.

Game Erauntsia Elkartea arduratu da bideojokoaren itzulpen lana burutzeaz. Bidean ez da bakarrik egon, ordea: proposamena Alex Arias galegoaren aldetik iritsi zitzaigun. Itzulpengintza ikaslearen master bukaerako lanerako Nuclear Throne galegora itzultzea erabaki zuen Ariasek, horretarako dokumentazioa prestatuta. Game Erauntsiak egindako lana ikusita, euskaratzeko proposamena bidali zion elkarteari, laguntza eskainita.

Esan bezala, itzulpen ez ofiziala da prestatutakoa; hots, PCan soilik erabili dezakegu. Euskaratzea instalatzea oso erraza da:

  1. Jaitsi itzulpen fitxategiak hemendik edo itch.io orrialdetik.
  2. Jokoaren instalazio karpetan, koka itzazu lang karpetaren barruan (lang.csv zein credits.txt fitxategiak).
  3. Jokoa abiarazi, menu nagusian aukeretan sakatu, eta, hizkuntzen azpiatalean, euskara hautatu.

Garatzaileek jokoa itzultzeko erraztasunak eskaini dituzten arren, asmoa euskaratzea ofizialtzea da. Komunitate euskaldunak galegoekin edo katalanekin bat egingo du Vlaambeerri hizkuntzak jokoan ofizialki gehitzeko eskatzeko; hain zuzen, arestian aipatutako 100. gaurkotzean hamabost hizkuntza berri gehitu zituzten egileek. Lokalizazio proiektuok jokoan ofizialki gaineratzea lortuz gero, euskaratzea ez litzateke PCko bertsiora mugatuko, PlayStation, Nintendo eta Xbox kontsoletan ere txertatzea lortuko baikenuen.

Egindako lana ofizialki inplementatzen saiatzen garen bitartean, zorionez, ordenagailuetan mod bidez goza dezakegu euskaratutako Nuclear Thronez. Jokoaren fitxan aurki dezakezue informazio gehiago!