3.0 eguneraketa kaleratu berri du zaleen komunitateak. Plataforma gehiagotan joka daiteke orain: MacOS zein Wii U sistemetarako port-ak prestatu dituzte.
Askotan hitz egin dugu The Legend of Zelda: Ocarina of Time maisulanaren PCko portari buruz gure blogean. Nintendo 64-ko klasikoa sistema modernoetara moldatu, eta era guztietako hobekuntzak gehitzen dizkio 1998ko tituluari. Azken bertsioarekin are ezaugarri gehiago prestatu dituzte Ship of Harkinian proiektuko arduradunek.
Hauen guztien berri emateko, ohi bezala, umorez betetako Ship of Harkinian Direct aurkezpena egin dute. Jatorrizko bideojokora —eta ostean argitaratutako bertsio ofizialetara— jokatu dutenek betidanik amestu izan duten funtzioetako bat dakar Rachael izeneko 3.0 bertsioak: kamera askea. Bai, bigarren stick-arekin kamera nahi bezala mugitzeko aukera dugu azkenik; ahaztu Z-ri emanda kamera Link-en atzean jarri behar izateari eta esplora ezazu Hyrule beste era batera.
Kameraren hobekuntzekin batera segundoko 200 irudiko tasak —eta altuagoak—, era guztietako aldaketak dakartzaten trikimailuak —Biggoron ezpatarekin ezkutua erabili edo Epona-ren sasoi sistema kendu—, Navi-ren aholkuak ezabatu, eta bestelakoak aipatzen dituzte arduradunek. Interfazeko elementuak nahi bezala antola ditzakegu orain: minimapa mugitzea ahalbidetzen dute, adibidez.
Objektuak ekipatzeko erraztasunak eskaini dituzte, gainera: aginteko D-Pad botoiak erabilita normalean baino are objektu gehiago ezarri ditzakegu. Ez hori bakarrik: jantzi zein bota desberdinak ekipa daitezke botoi hauekin. Uraren Tenplua nazkagarria egin zitekeen etenaldi menura behin eta berriz sartzen ibiltzeagatik; batek baino gehiagok eskertuko du ezaugarri hau.
Horrez gain, zailtasun aukera berriak ere nabarmendu beharra dago: jokoa hainbat biderrez gainditu duzu eta erronka berrien bila zabiltza? Jasotako mina biderkatu, osasuna berreskuratzeko bihotzak ezabatu, edabeen indarra murriztu, eta bestelakoak aldatzeko aukera eskaintzen du komunitateak sortutako portak.
Berritasun esanguratsuena, baina, ausazko modalitatea da. Randomizer joko mota gehitu diote ofizialki Ship of Harkiniani; horrela, jokoko objektu guztiak lekuz aldatzeko modua daukagu orain. Aukera hau emulatzaileetarako sortutako hainbat ROM bertsioetan ikusi dugu, baina orain hobetutako PCko portarekin gauza bera egin dezakegu. Modu horretara, objektu garrantzitsuak zein bigarren mailakoak tokiz aldatuko dira: aurkezpenean ageri denez, Biggoron ezpata minijokoetan lor dezakegu, abestiak munduan zehar galduta ikusiko ditugu edo gantxoa hilkutxa batean sartuta agertuko zaigu.
Aldaketa guztiak ausazkoak dira, beraz objektu batzuk aurkitzea benetan zaila izan daiteke. Zorionez, Esamesa harriek hauei buruz hitz egingo dute orain: galduta bagabiltza, hauengana joz gero falta zaigun objektu hori lortzea erraztuko digute. Ideia zoragarria klasiko honi gatza eta piperra emateko.
Aipatutako berritasunei aurreko bertsioetakoak gehitu behar zaizkie, noski: gordetako partiden editorea, mod-ak, kalitate handiko grafikoak, bereizmen handiagoak, pantaila zabalentzako euskarria, giroskopio bidezko aginteak, teklatuarekin jokatzeko aukera eta gehiago prestatu dituzte arduradunek.
PCko bertsioa dela adierazi dugu lehen; hala ere, orain arte Windows eta GNU/Linux sistema eragileetan baino ezin zitekeen jokatu Ocarina of Timen port honetara. 3.0 bertsioa, ordea, MacOSerako ere prestatu dutela jakitera eman dute garatzaileek. Are gehiago: Wii U kontsolarako bertsioa ere eskaini dute.
Ship of Harkinianekin jokatzeko baliabide ia guztiak Discord-ean nahiz Github orrialdean aurkituko dituzu. Ia guztiak diogu, erabltzeko ezinbestekoa baita OoT-ren Debug bertsioaren ROM fitxategia edukitzea. Modu horretara, erremintak jatorrizko obrako modeloak, soinuak, efektuak, animazioak, testurak eta gehiago hartzen ditu hauek dekonpilatu eta PCko bertsioa sortzeko.
Iruzkinak