Harbour Masters taldeko kideek Nintendo 64-ko klasikoaren port-aren berritasun guztiak ezagutzera emateko aurkezpena egin dute.

Martxoan hitz egin genuen The Legend of Zelda: Ocarina of Time maisulanaren PCko port ez ofizialaz. Ship of Harkinian deitutako bertsioak ordenagailuetan —eta beste hainbat gailutan— Nintendoren titulura natiboki jokatzea ahalbidetzen du, bidean hainbat hobekuntza gaineratuta. Orain, 2.0 bertsioa estreinatu berri du Harbour Masters zaleen komunitateak, era guztietako ezaugarriak gehituta.

Horien berri emateko sei minutuko iraupeneko Ship of Harkinian Direct aurkezpena egin zuten ostiralean —Nintendoren aurkezpen propioei barre eginez, noski—. Berritasunik esanguratsuena klasikoaren jarraitzaileek aspalditik itxaroten zutena da: segundoko 60 iruditara jokatzeko ezaugarria. Ocarina of Time-n bertsioa originala 20 fps-tara mugitzen da; PAL bertsio europearrean, berriz, 17 fps-tara. Ez da harritzekoa beraz horrenbeste desiratutako hobekuntza izatea: bideojokoaz 60 fps interpolatuetan goza daiteke orain, jostagarritasun arina eta ederra eskainita.

Ez da, zorionez, Roy Alfa deitutako bertsioak dakarren ezaugarri berri bakarra. Linux bidez natiboki jokatzeko aukera dago orain —aurretik Proton bidez ere egin zitekeen arren—. Gordetako partiden editorea ere inplementatu du zaleen taldeak: jokoaren ezaugarri desberdinak edozein unetan aldatzea posible da orain. Bihotz kopurua, ekipamendua, dirua eta bestelakoak aldatzen ibil zaitezke orain. Partida edozein unetan gorde daiteke, gainera: save state-n segituan bueltatuko gara gordeta utzi genuen azken unera.

Trikimailuak ere gehitu dituzte portean: menu erabilerraz baten bidez diru, munizio eta bizi amaiezinak, hormak zeharkatzeko abilezia, edozein pareta eskalatzeko ahalmena —Breath of the Wild-en erara—, denbora gelditzekoa zein beste hainbat prestatu dituzte. Stone of Agony objektu berezia erabiltzeko erraztasunak ere aurkituko ditugu: Nintendo 3DS-ko remakean ikusitakoetan oinarritu dira.

Beste hobekuntza aipagarrietako bat lurrean azaltzen diren objektuak hiru dimentsiotan agertzearena da. Ocarina of Time originalean geziak, magia botilak zein bonbak lurrera erortzean bi dimentsioko kalitate baxuko sprite gisa irudikatzen ziren; orain, Linkek eskuetan hartzerakoan azaltzen diren hiru dimentsioko modeloak hartu eta inplementatu dituzte.

Testuaren abiadura azkartu daiteke portean. Ahaztu Kaepora Gaebora-ren edo Deku Zuhaitzaren hizketaldi amaigabeez: hauek ziztu bizian igaroko dira orain. Gauza bera egin dute Zora erregearen mugimendu eternalarekin: bizkortu egin dezakegu PCrako bertsio honekin.

Ikusmen arazoak dituzten bideojokozaleentzako irisgarritasun aukera ikaragarriak prestatzen ari dira baita: jokoko elementu desberdinak fokuratzerakoan hauek zer diren esango dizkigu portak.

 

Sortzaileen komunitatearen elkarlana

Modak dira, zalantzarik gabe, jokalariek eskatzen zuten beste ezaugarrietako bat. Komunitateak egindako sorkuntzak nabarmendu dituzte Harbour Mastersekoek aurkezpenean: bonbak jaurtitzen dituen tiragoma, Majora’s Mask-eko Fairy Sword ezpataren mugimenduak hartzen dituen Deku makila, lurretik har daitezkeen geziak eta C botoien bidez ekipa daitezkeen jantziak eta bestelakoak erakutsi dituzte. Horiek guztiak proiektuaren Discord zerbitzarian lortzeko aukera dago.

Are gehiago, Render98 taldearekin elkarlana iragarri dute modelo eraberrituak gaineratzeko. Modu horretara, Super Mario 64-ren PCko portaren Render96 proiektuarekin egindako antzeko zerbait lortu nahi dute: ilustrazio eta iruditegi ofiziala jarraituz jokoaren itxura zaharberritzea.

Aipatutako guztiari aurretik kaleratutako ezaugarriak gehitu behar zaizkio, noski. PCko portari esker 16:9 zein 21:9 formatuetan eta bereizmen altuetan jokatzeko aukera dugu, baita giroskopioarekin apuntatzekoa ere, besteak beste.

Ship of Harkinian tresna proiektuaren Discordean nahiz Github orrialdean aurkituko dituzu. Erabili ahal izateko, baina, ezinbestekoa da OoT-ren Debug bertsioaren ROM fitxategia edukitzea. Modu horretara, erremintak jatorrizko obrako modeloak, soinuak, efektuak, animazioak, testurak eta gehiago hartzen ditu hauek dekonpilatu eta PCko bertsioa sortzeko.