Gure betiko Abe-n abenturen remakeaz orain euskaraz ere goza dezakegu ordenagailuan.
"Hori ni naiz. Abe deitzen naiz. Urteko langilerik onena izendatu ninduten. Orain, hiltegirako okela naiz."
Horrela hasten da Oddworld: New 'n' Tasty jokoa, eta horrela hasten zen remake honen jatorrizko atala ere, Oddworld: Abe's Oddysee klasikoa. Izan ere, protagonista, istorioa eta jokoaren mekanikak berberak dira bi jokoetan, nahiz eta remakeak bereizmen handiko grafikoak ekarri, besteak beste.
Abe mudokon espezieko izakia da: RuptureFarms etxaldeen fabrikan lan egiten duen esklaboa. Beste mudokon esklabo mordoa ditu inguruan, Oddworld munduko espezie desberdinen haragia prozesatu eta opilak, pastelak, eta bestelako jaki goxoak prestatzen. RuptureFarmsen jabeak glukkonak dira, mudokonak esklabotzat hartu zituen espezie maltzurra; guztien buru da Molluck. Baina Abe gustora zegoen bere esklabo lanean, harik eta egun batez RuptureFarmsen produktu berria, "New 'n' Tasty" izenekoa, zer haragirekin egingo zuten jakin zuen arte. Mudokon okela zen erabiliko zutena! Bera eta bere lagunena!
Beraz, ihes egin beharra dauka, eta horretarako zuk lagundu beharko diozu, RuptureFarmsetik irten eta bidean aurkitutako mudokonak ere salbatuz, zaintzaile lanetan dauden sligen balak saihestuz, eta mudokonen lurralde sakratura itzuliz. Lortuko duzu Abe eta bere lagun guztiak salbatzea?
Oddworld: New 'n' Tasty GOG, Humble Bundle eta Steam dendetan eros daiteke. Baita 'Alf-en ihesa' DLCa ere: hau ere itzulita dago.
Euskaratzeko pausoak
Jokoaren euskarazko itzulpena ez da ofiziala oraingoz. Beraz, instalatu egin beharko duzu, baina instalatzailearen jarraibideei kasu eginda ez duzu arazorik izango. Informazio gehiagorako eta instalatzailea deskargatzeko, bisitatu ibaios.eus webgunea.
Iruzkinak