Maniac Panda Games estudioaren lana digitalki iritsiko da lehenik; ostean, edizio fisikoa argitaratuko dute PS5 eta Switch gailuetarako.

One Last Breath martxoaren 28an kaleratuko dutela iragarri du Catness Games argitaletxeak: PlayStation, Xbox eta Switch kontsoletan nahiz ordenagailuetan estreinatuko dute.

Maniac Panda Games talde nafarraren abenturak Inside edo Limbo titulu ezagunen bidea jarraituko du. 2.5 dimentsioko plataforma eta puzzle abentura da: Gaia izakiaren rola beteko dugu lurra berpizteko, horretarako era guztietako munstroei aurre eginez.

Aurre egin, edo, hobe esanda, iheska zein ezkutatzen ibiliko gara; izan ere, beldur kutsua dauka tituluak, edozein kolpe hilgarria izanik indarrik gabeko Gaiarentzat, eta, beraz, burua erabili beharko dugu jokoak aurkeztutako oztopoak gainditzeko.

One Last Breath digitalki estreinatuko da hilabete bukaeran: aipatutako plataformen saltoki digitaletan aurki dezakegu dagoeneko.

Etorkizunean, baina, bertsio fisikoa kaleratuko dute Catnesskoekin elkarlanean: PlayStation 5 eta Switch kontsoletan bakarrik eskuratu ahalko dugu fisikoan, eta erreserbak abian jarri dituzte.

 

Oztopoz betetako bidea

Game Erauntsian hainbat aldiz hitz egin dugu One Last Breathi buruz. Albisteak jarraitu badituzue, Maniac Panda izena ezezaguna egingo zaizue; izan ere, tituluaren lehen sortzailea Eneko Zubiaurrek gidatutako Moonatic Studio nafartarra zen.

Bideojokoaren garapena PlayStation Talents egitasmoaren aterpean abiatu zuten. Hala ere, elkarlana ez zen aurreikusitako modukoa izan: desadostasunen ondoren, Moonatic PlayStation Talents ekimenetik bereizi zen, eta hauen aurka egitea erabaki zuten beste hainbat estudiorekin batera.

Bide berriari ekinda, babesle berria aurkitu zuen Moonaticek: Nexxyo Labs eta Catness Games enpresekin batu zen 2022ko ekainean jokoa prestatzen bukatzeko. Elkarlanean, baina, bestelako arazoak sortu zirela pentsa daiteke: Moonatic desagertu zen, eta Zubiaurre proiektutik aldendu zen.

Nexxyo Labsen barnean aurkitzen den Maniac Panda bilakatu zen arduradun berrian, eta, esan bezala, gaur egun hauek dira One Last Breath sortzen amaitzeaz arduratzen dabiltzanak.

 

Zer gertatzen da euskaratzearekin?

Bide nekez honetan, baina, zalantza handia sortu zaio euskal bideojokozaleen komunitateari. One Last Breath euskaraz argitaratuko zela baieztatu zion Moonatic taldeak Game Erauntsiari.

Garapen taldearen aldaketarekin, Maniac Pandarekin eta Catness Gamesekin harremanetan jarri gara euskaratzeari buruz galdetzeko; zoritxarrez, oraindik ez dugu erantzunik jaso arduradunen aldetik. Jokoaren Steam orrialdeko hizkuntzen zerrendan, behintzat, ez da euskarazko lokalizaziorik aipatzen.

Esan bezala, garatzaileekin zein argitaletxearekin harremanetan jartzen saiatu gara euskaratzearen afera argitzeko. Erantzuna jasotzen dugunean gure blogean irakurri ahalko duzue.