Irundarrek zein bilbotarrek prestatzen dabiltzan lanen azken trailerrak erakutsiko dituzte bertan; Moonatic Studios-en abentura ederra euskaraz argitaratuko da.

PlayStation Talents egitasmoak biltzen dituen garatzaile independenteen lanak ezagutzera emateko erakusleihoa da The Moment aurkezpena. Gaur egingo dute beste behin, eta bertan izango dira Moonatic Studios iruindarraren One Last Breath eta Fsix Games bilbotarraren Rivalia: Dungeon Raiders interesgarriak.

Aurreko aurkezpenetan egin modura trailer berriak ikustea eta informazio gehiago ezagutzea espero da. 20:00etan hasiko dute The Moment zuzenekoa PlayStationen Youtube-ko kanal espainiarrean.

Abentura eta puzzleak batuko ditu One Last Breathek; hiru dimentsiotako atal teknikoa izan arren, jostagarritasun mekanikak bidimentsionalak izango dira. Plataforma joko klasikoen antzera, askotariko puzzleak gainditzeko ahalmen bereziak erabiliko ditu protagonistak. Hau Gaia izango da, naturaren pertsonifikazioa, hain zuzen ere.

Nafarren bideo-jokoa euskaraz kaleratuko zutela adierazi zion Eneko Zubiaurre Moonatic Studioseko kideak Game Erauntsiari. Inside bikaina oinarritzat hartuta, “harro egoteko bezalako lana” eratu nahi dute. PlayStation 5, PlayStation 4 zein PC plataformetan kaleratuko dute 2022 hasieran; etorkizunean are kontsola gehiagotan jokatu ahal izatea nahi dute.

Rivalia: Dungeon Raiders, berriz, akziozko RPG abentura izango da. Fsix Gamesekoak prozeduralki eratutako ziegak garatzen dabiltza; horiek gainditzeko lau heroiren artean txandakatzen joan beharko dira jokalariak, bakoitza bere ahalmen eta ezaugarri bereziekin.

2022ko lehen hilabeteetan PS5 eta PS4 kontsoletan kaleratzeko asmoa dute bilbotarrek; datorren urteko uda aldera PCan ere merkaturatuko dute Steam bidez, baina plataforma gehiago ere agintzen dituzte.

Aipatutako bi jokoekin batera beste 20 bat estudioren lanak bilduko dituzte bertan. Ez hori bakarrik, PlayStation Talentsekoek garatzaile berrientzako deialdia ere egin dute beraien blogean: “bideo-jokoren bat garatzen bazabiltzate eta PlayStationen argitaratzeko asmoa badaukazue, gala jarraitzea aholkatzen dizuegu; interesatuko zaizuen iragarpena egingo dugu”.

 

Euskal garatzaileak euskara zabaltzen

Game Erauntsian askotan aipatu dira PlayStation Talentsetik irtendako obrak. Gaur bertan The Five Covens PCra iritsi dela nabarmendu dugu: rBorn Games bilbotarraren lehen bideo-jokoa da, eta euskaraz jokatu daiteke. Horrez gain  Itadaki SmashWaves Out edota Submersed joko euskaldunak sortu dira ekimenaren aterpean.  Euskaratutako obra guztiak bildu ditugu Game Erauntsiaren euskarazko bideo-jokoen zerrendan.