Ghost Town Games-en sukaldaritza titulu multijokalaria euskaratu du Game Erauntsia Elkarteak. PCko bertsioa itzul daiteke.
Overcooked dibertigarriak sukaldean milaka jokalari jartzea lortu du. Errezetak eta erronkak gainditzeak adiskidantza eta koordinazioa indartzea dakartza… edo, are gehiagotan, guztiz apurtzea. Oraindik aurrera, partida eroak gure hizkuntzan gozatzeko aukera dago: euskaraz joka daiteke Overcookeden!

Game Erauntsia Elkarteak Ghost Town Games estudioak 2016an argitaratutako obra arrakastatsua lokalizatu du; zehazki, ordenagailuetako bertsioa eralda dezakegu gure mintzairan egon dadin. Oinarrizko jokoa zein Galdutako pusketa eta Eguberrietako gozagarria eduki gehigarriak itzuli ditugu.
Instalazio prozesua errazteko instalatzaileak prestatu ditu, gainera, bideojokoen euskaratzeetan maisua den Ibai Oihangurenek. Hori horrela, Windows sistema eragileetan jokoa erraz batean euskaratzeko instalatzailea jaitsi daiteke, edo, GNU/Linux erabiltzen baduzu, gauza bera egiten duen script-a erabili.
Hauek dira Overcooked euskaratzeko jarraibideak:
Windows
- Deskargatu instalatzailea, eta jarraitu bere argibideak.
- Instalatzaileak gaztelaniazko bertsioa gainidatziko du euskarazko itzulpenarekin.
Overcooked beste hizkuntzaren batean badago, jokoaren Steameko aukeretatik aldatu beharko duzu hizkuntza. Horretarako, Steam barruan, klik egin eskuineko botoiarekin Overcookeden ikur gainean (edo jokoaren Steameko menuan engranajeen ikurrean sakatu), ‘properties’ atalean sartu, eta, irekiko den leiho berrian, hizkuntzaz aldatzeko aukera ‘general’ erlaitzean agertuko zaizu.

GNU/Linux + Steam Deck
GNU/Linux eta Steam Deckerako, instalazioak lan gehiago eskatzen du, oraingoz. Jarraitu urrats hauek:
- Deskargatu instalazio scripta.
- Ireki terminala, eta idatzi ondorengo komandoa: bash ./overcooked-eu.sh
- Instalatzaileak gaztelaniazko bertsioa gainidatziko du euskarazko itzulpenarekin.
- Goian adierazi bezala, jokoa euskaraz ager dadin, Overcooked gaztelaniaz jarri beharko duzu Steameko menutik.
Instalatzeko argibideak:
Kaos kooperatiboa
Overcooked aski ezaguna da, Gamer Gela tailerretan egin ditugun probetan argi geratu zaigunagatik; hala ere, proposamena ezezaguna bazaizu, sukaldari lanetan jarriko zaituen indie titulua duzu Overcooked.
Munduaren amaiera ekarri duen espagetiz eta haragi bolaz osatutako Piztia beldurgarriari aurre egiteko, denbora atzera bidaiatu beharko dute sukaldari protagonistek. Oztopoz eta erronkaz betetako ibilbide luzean sukaldeko abileziak hobetzen joango dira, proba desberdinetan parte hartuz.

Laburbilduz: bezeroek eskatzen dizkiguten errezetak prestatu beharko ditugu barazkiak txikituz, haragi xerrak frijituz, zopak berotuz eta agintzen dizkigutenak kozinatuz. Ez da horren erraza izango, ordea: sukalde arruntetan ibili beharrean, kalean, ontzi piratetan edo sorginen etxeetan ariko gara, bakoitzean desafio desberdinei aurre egin behar izanik.
Bakarka joka dezakegu, baina benetako xarma multijokalarian datza: lau sukaldari elkarri laguntzen… edo bata besteari izorratzen ibil daitezke kanpaina osoan. Familia osoari bideratutako festa jokoa dela esan daiteke: kontrol sinpleekin baina tentsioz betetako partida zirraragarriekin, barre algarak bermatuta daude. Su itzalgailua behin baino gehiagotan hartu beharko da partidetan, argi eduki.
Euskarazko bideojokoen zerrenda aipatu behar dugu, zelan ez, amaitu aurretik. Era guztietako plataformetan eta gailuetan jokatzeko 205 bideojoko aurkituko dituzue gure hizkuntzan: azkenak Dead Cells, Stuck Together edo Windswept indie obra ikaragarriak dira.
Lander Unzueta
Iruzkinak