Gaurtik aurrera heroi tiro jokoaren erroetara itzuliko dira Blizzard-ekoak. Hiru astez jokatu ahalko da.

Blizzardek Overwatch: Classic aurkeztu du. Overwatch 2rako modalitate bereziak eskainiko dituen aldi baterako joko mota da.

Gaur estreinatuko da heroien tiro jokoan, eta hiru astez, abenduaren 2ra arte, bere erroetara bueltatzeko aukera eskainiko die jokalariei.

World of Warcraft: Classic bezalako eduki bereziekin egin bezala, Overwatchen ibilbideko jokagarritasun, mekanika eta aukera desberdinekin berriz jokatzea da ekitaldiarekin proposatzen dena. Hori horrela, aldaketarik esanguratsuena taldeen tamainaren aldetik dator: sei kidez osatutako bi talde ariko dira, beste behin, mapa desberdinetako helburuak lortu nahian.

Ez dugu muga handirik ikusiko: nahi dugun rola bete dezakegu taldean, desoreka nagusitzea ahalbidetuz… baita dibertsioa ere. Joko originaleko 21 heroiak eta hamabi mapak —OW2ko itxurarekin, hori bai— bildu dituzte; ez hori bakarrik, pertsonaien jatorrizko abileziak erabil ditzakegu. Bai, Mercy-rekin talde osoa berpiz dezakegu berriro.

Egungo interfazea mantenduko da, zoritxarrez, baina heroien itxura originalak baino ezingo ditugu erabili. Hortaz, harrapakin kutxak desaktibatuta egongo dira modalitate zaharberrituan.

Lau joko mota desberdinen artean ariko gara OW: Classicen mapetan —Assault, Control, Escort eta Hybrid—, baina proposamena aldatuz joango da ekintzak iraungo dituen hiru asteetan. Adibidez, hasiera batean errepikatutako heroiak har ditzakete talde bereko kideek, baina beranduago hori ezabatuko dutela diote egileek.

Ez da halako zerbitzu jokoetan lehen bertsioetara itzultzeko egiten den lehen ahalegina, ezta aldi baterako formatuan ikusten duguna ere. Fortnite, adibidez, modalitate originaletara itzuli zen iaz, aldibereko erabiltzaileen marka guztiak haustea lortuta.

Webgune ofizialean aldi baterako modalitatea dela aipatzen bada ere, “ez dute behin soilik egiteko asmoa”, eta “jokalarien harreraren arabera” itzul daitekeela azpimarratzen dute Blizzardetik.

Hori dela-eta, zaleak itxaropentsu daude etorkizunean modalitate finkoa izatera iritsiko den jakiteko, gaur egun OW2k ez baitu jokalariak pozik mantentzea lortzen: talde txikiagoek, heroi eta mapa berriek zein modalitateek ez dute maila mantendu, mikroordainketak areagotu dituzten bitartean. Are okerragoa izan zen, gainera, PvE modalitatea guztiz alboratzea: OWren jarraipena sortzeko eman zuten arrazoi nagusia.