Pocketpair japoniarrak Stardew Valley edo Harvest Moon jokoen erako spin-off titulua iragarri du PCrako. Ez dauka kaleratze datarik.
Pocketpair estudioak Palworld unibertsoan oinarritutako joko berria aurkeztu du. Palworld: Palfarmek originalaren mekanikak alboratu, eta baserriak zein baratzeak zaintzea proposatuko du.
Pal izakiak bizi diren irla batera bidaiatuko dugu, bertan elkarrekin bizitzeko, gure ametsetako baserria eraikitzeko, soroan lan egiteko, baliabideak biltzeko zein sukaldean aritzeko. Egia esan, Palworld originalaren oinarrietako asko errepikatzen dira Palfarmen, baina kutsua aldatuta, eta ikuspegi isometrikoa proposatuta.
Horrela, Stardew Valley nahiz Harvest Moon maitatuetara hurreratzen den titulua da Pocketpairren hurrengoa. Bideoan denetariko ekintza berezietan parte har dezakegula ageri da: Pal desberdinen abileziez baliatuko gara erronka desberdinei aurre egiteko. Borrokak ere egongo direla dirudi; izan ere, gure baserria defendatu beharko dugu Pal basatien eta bestelakoen erasoez.
Irlako gainerako bizilagunekin zein Palekin harremanak sendotzeko mekanikak egongo direla aipatzen dute egileek. Trailerreko une zoroa ere nabarmendu beharra dago: une batean erruleta errusiarrean jokatzeko aukera egongo dela dirudi, jokoaren girotze alaia zeharo aldatuz.
Multijokalari ezaugarriak agindu dituzte, bukatzeko: baserria lagunekin batera kudeatzeko aukera egongo da.
Argitaratze datarik gabe, oraingoz PCrako iragarri dute Palworld: Palfarm.
Bideojoko originala, behin betiko ediziorantz
Palworld originalak aurretiazko sarbidean jarraitzen du gaur egun. Hala eta guztiz ere, Pocketpair taldeak datorren urtean 1.0 bertsioa argitaratzeko asmoa iragarri zuen orain egun batzuk.
Eduki gehigarriak inplementatzeaz gain, akatsak zuzentzeari ekingo diote PC, Xbox Series, Xbox One eta PlayStation 5 gailuentzako bertsioentzat.
Palworld x Ultrakill kolaborazioa izango da etorkizunean jasoko duen DLCetako bat. Ez digute askorik zehaztu, baina Arsi “Hakita” Patala garatzailearen tiro joko frenetikoaren eta biolentoaren —Game Erauntsian hainbat aldiz hitz egin dugu Ultrakillen inguruan, hemen aurrerapen bat— edukiak eta proposamenak moduren batean Palworlden ikusiko ditugula dirudi.
Iruzkinak