Project xCloud bezala ezagututakoa Androiden erabili daiteke une honetan. Xbox Game Pass Ultimate harpidetza zerbitzuaren baitan dago.
Pasa den irailean Xboxen hodei bidezko jokoa iritsi zen Android gailuetara. Project xCloud deitutakoak Game Passaren baitan dauden bideojokoak streaming bidez jokatzea ahalbidetzen du. Zerbitzu hori 2021ean PC eta iOSera iritsiko dela baieztatu du Microsoftek bere blogean.
Modu horretara hodei bidezko jokoa bilioi bat gailu baino gehiagotara eramango dutela aldarrikatu dute Microsoftekoek. “Jokalari mota guztientzako esperientzia biribila daukagu buruan”, dio Jerret West Microsoft Gamingeko CVPak, “Iphone batean ukimen kontrolak erabilita Xboxeko adiskideekin Minecraft Dungeonsera jokatzen ibili edo Surface Pro batean Destiny 2 abian jartzea erabakitzen duzularik”.
Ikusteko dago zerbitzua iOSen nola erabiliko den. Izan ere, abuztuan Project xCloud Applen sistema eragiletik kanpo geratuko zela azaldu zuten Microsoftetik; iOSek ez du streaming zerbitzurik onartzen. Halere, Business Insider aldizkariak jakitera eman zuenez zerbitzua web aplikazio bezala funtzionatzeko lanean ari dira Xboxekoak.
Une honetan Androiden erabili daitekeen zerbitzuak joko gutxi batzuetara ukimen kontrolekin jokatzea ahalbidetzen du. Gainerako guztientzako aginte bat bluetooth bidez konektatzea ezinbestekoa da.
Project xCloud erabiltzeko Xbox Game Passaren Ultimate zerbitzura harpidetuta egon beharra dago. Datorren urtean Game Passean gehituko dituzten bideojoko batzuk aipatuz bukatu dute blogeko sarrera:
- Halo Infinite
- Psychonauts 2
- The Ascent
- The Medium
- The Gunk
- Warhammer 40K: Darktide
- Exomecha
- Shredders
- Scorn
- Skatebird
- Dead Static Drive
- The Good Life
Iruzkinak