Garatzaileek diru sarreren %88a eskuratuko dute Microsoften saltokian. Komunitateak “bideo-jokoen inguruan eratu” nahi dituzte.
Azken urteetan Microsoftek antzina PCko bideo-jokoen merkatuan izandako tokia berreskuratzen dagoela argi dago. Xbox Game Studios osatzen duten garatzaileen joko guztiak ordenagailuetan argitaratzeko lana egiteaz gain, PCan Xbox Game Pass bezalako zerbitzuekin Steam edota Epic Games Store bezalako saltoki digitalei aurre egiten ari dira aspalditik.
Microsoften oinarrietako batean bilakatuta, merkatu honetan are gehiago hazteko asmoa agertu dute Xboxekoek beraien blogean argitaratutako artikuluan. Bertan Matt Booty Xbox Game Studioseko burua prestatzen ari diren etorkizunaz mintzatu da.
Bideo-jokalari izateak “hainbat plataformetan askotariko jokoetara aritzea” suposatzen duela aipatzen du bertan Bootyk. Hori horrela izanik PCko bideo-jokoak ere bertan kokatzen direla dio, eta hortaz plataforma honi besteei bezalako garrantzia eskaintzeko lana egiten dihardute Xboxekoek.
Horren adierazgarri azken 18 hilabeteetan PCrako soilik argitaratutako obrak nabarmendu nahi izan dituzte: Age of Empires II and III Definitive Edition, Gears Tactics, Wasteland 3, Minecraft Dungeons, eta Microsoft Flight Simulator bezalakok dira Xboxekoek beraien kontsoletatik kanpo prestatu dituztenak.
Etorkizunera begira, Xbox Game Studiosen hurrengo joko handia plataforma guztietan berbera izateko egiten ari diren lana azpimarratu du Bootyk. Xbox kontsoletan, gailu mugikorretan eta PCan estreinatuko den Halo Infinitek plataformen arteko jokoa eta aurreratzea edukiko du. Hau da, plataforma guztietako erabiltzaileek elkarrekin jokatu dezakete, eta hainbat plataformetan jokatzen dutenek ez dira gordetako partidez arduratu beharko.
Project xCloud bezala ezagutzen zen Xbox Cloud Gaming ere aipatu du XGSeko buruak. Hodeiko jokoari esker “PC apalenak dituztenek ere beraien gailuetan jokatzeko aukera” izango dutela aldarrikatu du, hain zuzen ere. Dagoeneko ordenagailuetarako beta bertsioan dagoen zerbitzu honek 100 bat bideo-joko eskainiko ditu laster.
Garatzaileak indartuz, baina PCan bakarrik
Jokalariak ez ezik, garatzaileak ere berebiziko garrantzia izango dute PCko merkatuan indartzeko saiakera honetan. Horretarako sortzaileek Microsoft Store saltoki digitalean argitaratzerakoan diru sarrera handiagoak eskuratzea bermatu nahi dute: diru sarreren %70a eskuratzen zuten salmenta bakoitzarengatik orain arte, baina abuztuaren 1etik aurrera produktu bat saltzerakoan horren balioaren %88a eramango dute garatzaileek.
Era horretara Epic Games Store saltokiak hartutako jarrera berbera hartu dute Xboxekoek. Steamen eta GOGen 70-30 banaketari aurre egiteko neurri honekin are garatzaile gehiago erakarri nahi dituzte. Aldaketa honek PCko jokoei bakarrik eragingo die: Xbox kontsoletan %30a jasotzen jarraituko du Microsoftek.
“Diru sarreren banaketa argi batek garatzaileek beraien produktuak jokalari gehiagorengana eramatea eta aldi berean arrakasta komertzial handiagoa lortzea suposatzen du”, azpimarratu du Bootyk artikuluan. “Oraindik lan asko dugu egiteko, baina PCko jokalarien zein PCko garatzaileen erantzuna ikusita komunitate honentzako egin ditugun inbertsioekin ibilbide ona jarraitzen gabiltzala ikusi dugu”.
%30aren aurka
Adierazpen hauek Game Developers Conference erakundeak garatzaileei egindako inkestaren ondorioekin batera datoz. 3.000 sortzaileren artean, %3arentzako soilik da bidezkoa 70-30 banaketa hori. Joan den urtean egindako inkestan, baina, %6ak uste zuen gauza bera.
Gehienentzat saltoki eta enpresa handiek %10eko zatia eramatea da bidezkoa; %46 batek ondo ikusten du saltokiek %10-15a hartzea.
Iruzkinak