Diseinu berria, aginteentzako Big Picture modua, joko bakoitzarentzako berezko konfigurazioa eta askoz gehiago dakartza eguneraketa erraldoiak.
PCSX2 emulatzaileak 2.0 bertsioa jaso du bere ibilbidea hasi eta 22 urte beranduago. PlayStation 2 kontsolaren emulatzailerik erabiliena goitik behera eraberritu dute azken eguneraketarekin.
Ez da harritzekoa, azken urte luzeetako bertsio ofiziala 1.6 adabakia izan baita. Beta edo nightly adabakietan aurrerapen nabarmenak egin dituzte, baina eguneraketa nagusian geratu direnek sekulako aldaketa igarriko dute 2.0ra igarotzerakoan.
Diseinu guztiz eraberritua izango da emulatzailea abiatu bezain laster nagusitzen dena. Qt interfazera igaro dira PCSX2koak; PlayStation 1aren DuckStation emulatzailea erabiltzen dutenek diseinu berbera dela ikusiko dute.
Interfaze arruntarekin batera aginteei bideratutako Big Picture diseinua inplementatu dute 2.0 adabakiarekin. Ikur handiagoak eta sinplifikatutako interfazea erabiltzen ditu telebistan eta mandoarekin jokatzen dutenentzat konfigurazio lanak errazteko.
Aldaketarik esanguratsuena plugin-ei lotutakoa da. Agur esan diete bi hamarkadaren ostean; erabilgarriak, baina zatitzea zekartela diote arduradunek. Konponbidea? Pluginen egileekin harremanetan jarri dira hauen kodea emulatzailean ofizialki inplementatzeko. Modu horretara, PCSX2ren oinarria mantendu dute, baina erabilgarritasuna erraztuz.
“Zein da joko zehatz hau funtzionarazteko konfiguraziorik egokiena?”. Jokoen konfigurazio automatikoa da erantzuna. Bideojoko bakoitzaren datu base ofiziala prestatu dute egileek, eta horrekin batera bakoitza abiatzerakoan egin beharreko prozesua sinplifikatzeko bidea aurkitu dute. Aurrekonfiguratutako aukerak dakartza orain emulatzaileak, erabiltzaileari aldaketa txikiak egiteko lana aurreztuz. Gainera, joko bakoitzarentzako konfigurazioa sortzeko eta mantentzeko atala ere prestatu dute.
Ezaugarriekin jarraituz, adabaki txikiak zein trikimailuak erabiltzeko sistema zaharberritu dute arduradunek. Pnach 2.0 formatuarekin adabaki edo trikimailu bakoitzaren ezaugarriak modu errazean zerrenda daitezke, ondoren adabakien zerrendan aktibatzeko edo desaktibatzeko.
Eguneraketaren zerrenda ez da hor bukatzen: FastMem, Vulkan APIa, aginteak kudeatzeko atal berria, Retroachievements-ekin batera sortutako lorpen sistema, jokoak konprimatzeko CHD fitxategiak, eguneratzaile automatikoa… Esan bezala, nightly eguneraketak erabiltzen zituztenek ondo ezagutuko dituzte aipatutakoak, baina 1.6 bertsioan geldi egon direnak zur eta lur geratuko dira hobekuntza guztiekin.
2.0 bertsioaren berritasunen eta hobekuntzen zerrenda osoa PCSX2ren blog ofizialean irakur daiteke. Emulatzailea webgune berean aurkituko duzue, deskargen atalean.
Bitartean, emulazioaren mundu zabalean murgiltzeko gogoz bazabiltzate, Game Erauntsian argitaratutako ‘Emulatzaileak: banakako programetan sakonduta eta interfazeak ezagututa’ erreportajea irakur dezakezue.
Iruzkinak