Strega gaizkile taldeak pisu gehiago edukiko du oraingoan. PS2ko klasikoaren berregitea otsailaren 2an estreinatuko da PC, PS eta Xbox gailuetan.
Atlus talde japoniarrak Persona 3 Reloaden bideo berriak argitaratu ditu. Remake-ak istorioan egingo dituen aldaketetako batzuk jakitera eman, eta aldi berean borroka mekanika berriak ezagutarazi dituzte.
Jokoan zehar ezagutuko ditugun Strega gaizkile taldeak berritasunak jasoko ditu oraingoan. Gidoian esanguratsuagoak izango direla dirudi erakutsitako eszena berriengatik: PlayStation 2ko bertsio originalaren zaleek ziurrenik eskertuko duten aldaketa.
Aldi berean lan originalean ikusi gabeko harreman sozialak biziko ditugu. Azken finean, P3 sagako oinarriak abiarazi zituen titulua da, eta ondoren hauek fintzeari eta hedatzeari ekin zioten Atlusekoek. Hori dela eta, berregitea jatorrizko jokoaren girotzea duen, baina azken atalen mekanikak biltzen dituen abentura izatea espero da.
Txandakako borrokek ere hainbat berrikuntza edukiko dituzte. Persona 4tik eta 5etik iritsitako berritasunez gain —taldekide guztiak kontrolatuko ditugu, baita baton pass mugimendua erabili ere— theurgia izeneko mugimendu bereziak eskuratuko ditugu P3Rn.
Hauek eraso ikaragarriak izango dira: Atlusekoek erakutsitako bideoetan Jack Frost personaren bonba hilgarria ageri da, baina beste espirituekin ere antzekoak egin ahalko ditugu.
Tartarus ziega erraldoiaren zaharberritzea ere ikusi ahal izan dugu lehen aldiz jokagarritasun bideoarekin. Dorre erraldoia zeharkatzea errazagoa izango dela esan daiteke, itxura batean itzal gutxiago agertzen direlako. Halere, joko originaleko gunerik zailenetakoa izanik, japoniarrek erakusteko asko izango dute ziurrenik.
Bideojoko originala 2003an argitaratu zen PS2 kontsolarako; ostean, PSP eramangarrirako Persona 3 Portable bertsio eraberritua jaso zuen. Horixe bera izan da urte hasieran gaur egungo gailuetan estreinatu dena.
Persona 3 Reload berregitea datorren urte hasieran merkaturatuko dute: zehazki, otsailaren 2an ikusiko dugu PlayStation eta Xbox kontsoletan zein ordenagailuetan. Microsoft-en ekosistemari dagokionez, Game Pass bidez jokatzeko aukera egongo da.
Iruzkinak