Sarah Bond ere presidentetzatik aldenduko da. Asha Sharma izango da Gaming atalaren arduradun nagusia; Matt Booty, Xboxena.

Phil Spencer Microsoft Gaming dibisioaren arduradun nagusiak bere kargua utziko du gaur.

38 urteko ibilbideari agur esango dio; horietatik 25 eman ditu Xboxen, 2001. urtean sortu zenetik. 2014an izendatu zuten Xboxen arduradun, Xbox One kontsolaren merkaturatze kaotikoari erantzuteko helburuarekin. Azken urteotan zaleak haserre egon badira ere, Spencerrek Microsoften bideojokoen atala biziberritu zuen, titulu handiak erakartzeko zein ezaugarri interesgarriak eskaintzeko helburuarekin: berari esker abiatu dira Xbox Game Pass harpidetza edo Xbox Play Anywhere ezaugarria, besteak beste.

Erabaki polemikoak ere egon dira tartean: bere gidaritzapean bereganatu zituen Microsoftek Zenimax —hau da, Bethesda— zein Activision Blizzard. Ez da, agian, Spencerrek nahi zuena, baina azken hautu handia Xbox multiplataforma bilakatzea izan da, bere esklusiboak PlayStation zein Nintendo gailuetara eramanez.

Agurra Spencerren erabakia izan da: joan den udazkenean Satya Nadella Microsoften arduradun nagusiarekin eztabaidatu zuela nabarmendu du langileei zuzendutako barne mezuan. Kargua gaur utziko du, baina udara arte aholkularitza lanetan ibiliko dela dio: zehazki, bere ordezkoa hartu duen Asha Sharmari laguntzen.

Sharmak 2004tik darama Microsoften; orain arte, CoreAI-ren arduradun nagusia izan da. Bere lehen adierazpenetan azaldu duenez, xedea “funtzionatzen duena ulertzea eta babestea” izango da. Horretarako, “joko handiak” argitaratzea, “Xboxen itzulera” bermatzea eta “bideojokoen etorkizuna” asmatzea bilatuko du.

Bere jatorria ikusita, adimen artifiziala ere aitatu du, nola ez. Sharmak dioenez, “bideojokoak beti artea izango dira, gizakiek sortutakoak eta eskura daukagun teknologia berritzaileenerakoak garatutakoak”; hori horrela, “arimarik gabeko AA zaborra” saihesten saiatuko dira, “epe laburreko efizientzia bilatu beharrean”.

Horri lotuta, Matt Bootyren laguntza jasoko du Sharmak. Izan ere, Spencer ez da Xboxetik aldenduko den bakarra: Sarah Bond Xboxen presidenteak dimisioa aurkeztu du.

Spencerren oinordekoa izan behar zenak kargua utziko du, modu horretara, 2017. urtean hasitako ibilbideari amaiera emanez. Bere tokia Bootyk hartuko du: egun, Xboxen jokoen edukien eta estudioen arduraduna da.

Aldaketa handiak, hortaz, azken urteotan gainbeheran dabilen Xboxentzat. Hardware salmentak % 32 jaitsi direla aipatu genuen orain aste batzuk, baita markaren etorkizuna ezagutu ere: dirudienez, mahaigaineko zein eskuko ordenagailuetara bideratuko dute hurrengo belaunaldia.