Aralar Erdozain garatzaile nafarrak gure hizkuntzan eta dohainik argitaratu du pilota jokoa. Bakarkako zein sareko partidak proposatzen ditu.
Pilotakada Android gailu mugikorretan estreinatu da, Play Store saltokiaren bitartez. Euskaratuta iritsi da, gainera: frontoietan kokatzen den bideojokoan ofizialki joka daiteke gure mintzairan.
Aralar Erdozain sortzaile nafarrak argitaratutako bigarren jokoa da —lehena, Kode Ezkutua, euskaraz aurkituko dugu, baita—; itxura batean, pandemia garaian abiatutako proiektu pertsonala da Erdozainena. Unity bidez eratutako tituluan denetariko pilotari koloretsuak eta anitzak —benetako pilotarietan oinarritutakoak, umore kutsu nabarmenarekin: Tilin, Golaizola, Peloki…— gidatuko ditugu norgehiagoketan lehiatzerakoan zein lorpen eta erronka desberdinak gainditzerakoan.

Kirolariek berezko estatistikak dituzte: indarra, abiadura, erresistentzia, punteria eta erreakzio bisuala dira kontuan hartzen direnak; halere, guztiekin jokatu ahal izateko, eusko txanponak lortu beharko ditugu partiduak jokatuta edo benetako diruarekin orainduta. Saketik hasita, kolpe arruntak, jauzi tiroak edo bi paretekoak burutzeko gai izango dira jokalariak, ukipen pantaila bidezko kontrolak erabilita.
Jokalari bakarrarentzako hainbat joko mota ikusiko ditugu: lagunartekoak zein txapelketak jokatu ahalko ditugu bakarka. Beta probaldian egon arren, multijokalaria ere badauka Pilotakadak: ezezagunen aurkako partida azkarrak, lagunen arteko partida pribatuak zein sare lokaleko lehiak proposatzen dizkigu egileak.
Euskoekin denetarikoak desblokeatzea zein ordaintzea da Erdozainen asmoa: jokalarietatik, pilotetatik eta frontoi mota desberdinetatik hasita, iragarkiak kentzeko aukera ere dauka bideojokoak.

Pilotakada ez da pilotaren munduan girotzen den lehen bideojokoa, noski. Pelota Vasca edo Jai Alai jaso genituen 80ko eta 90eko hamarkadetan: horiei buruz hitz egin genuen Euskal Herria, ardatz: zeintzuk dira gure lurretan girotutako bideojokoak?erreportajean; egun, Frontball Planet edo oraintsu estreinatutako Esku Pilota Card Game ditugu, baita, biak ofizialki euskaraz.
Android gailuetan joka dezakegu Pilotakadan: Play Store saltokitik jaitsi daiteke debalde, eta euskaraz.
Lander Unzueta
Iruzkinak