Bateriekin arazoak dituztela adierazi dute Panic-eko garatzaileek; erdieroaleen eskasiak ere eragin du fabrikazioan, nola ez.
Geroratzeekin eta osagaien arazoekin jarraitzen du bideo-jokoen industriak. Azken belaunaldiko PlayStation edota Xbox kontsolak saltokietan aurkitzea zaila bada ere, oraingoan gailu txiki eta berezi baten txanda iritsi da: Playdate kontsola eramangarriaren merkaturatzea geroratu du Panic enpresak.
2022an kaleratuko dute azkenik gailua; urte bukaeran lehen makinak banatzen hastea aurreikusten zuten, baina hainbat arazorengatik hartu dute atzeratzeko erabakia. Panicekoek gailuaren web orrian nabarmentzen dutenez, oztopo nagusia baterietan aurkitu dute: Playdateentzat erabilitako bateriek arazo handiak eduki dituzte.
Kalifornian duten biltegira iritsitako lehen 5.000 kontsolak probatzen hasterakoan bateriaren iraupena ez zela behar bezalakoa ohartu ziren: behar baino azkarrago agortzen ziren, eta hainbatetan, ezin ziren ezta kargatu ere. “Bateria aldetik egoerarik txarrena” dela diote arduradunek, hauen asmoa “iraupen luzeko bateriak edukitzea” zenean.
Hori dela eta, hilabetez probak egin ondoren erositako bateria guztiak beste hornitzaile bati erosteko erabakia hartu dute. Lehen 5.000 Playdate horiek Malaysiara bueltan bidali dituzte. “Nola sentitu garen? Ondo ez, behintzat!”.
Erabaki gogorra izan arren, erositako bateria berriak “esperotakoa betetzen dutela” diote Panicekoek. Datozen asteetan ekoizpena martxan jarri eta kontsolak datorren urterako banatzen hasteko asmoa agertu dute: “2022 hasierarako” agindu dute.
Erdiroaleen eta txipen eskasia ere aipatu dute oharrean. “Benetakoa dela” nabarmendu dute Panicekoek, baina oztopo hori gainditzeko lanean ari direla diote. Horretarako, plana nagusia berrikusi dute errazago eskuratzeko dagoen CPU batekin erabiltzeko. Plakak berrikustea “garestia eta konplexua” da, baina prozesadore berria askoz azkarrago lortu dezaketela diote; gainera, gailuaren funtzionamendua “berbera” izango dela azpimarratu dute, beraz hori egitea erabaki zuzena izan da.
Itxarote zerrendaren ordena mantendu egingo dute, hori bai. Gailuaren orrialdean ikus dezakete erosleek beren taldea.
2,7 hazbeteko argirik gabeko pantailadun kontsola izango da Playdatea. Gurutzeta, A zein B botoiak eta ezer gutxi gehiago edukiko du; berezitasun esanguratsuena bideo-joko bakoitzak modu desberdinean erabiliko duen biraderaren aldetik dator. Asmoa kontsola 24 bideo-jokorekin kaleratzea da: Lucas Pope, Chuhai Labs, Diego Garcia, Uvula eta beste hainbat sortzaile batu dira Playdatearen ezaugarri bereziak aprobetxatzeko asmoarekin, eta bi astero obra berriak eskainiko dituzte.
Esan bezala, askotariko enpresak eta gailuak dabiltza ekoizpen arazoekin. Orain egun batzuk Valve-koek Steam Deck eskuko PC-a berandutu behar izan zuten: abenduan banatzen hastetik 2022ko otsailera igaro behar izan dira.
Iruzkinak