Une honetan ia ezinezkoa da saltokietan kontsolarik aurkitzea. Egoera berezia “aldi baterakoa” izango dela ziurtatu dute.
Nazioarteko herrialde askotan dagoeneko eskuratu ahal izan bada ere, PlayStation 5a ostegun honetan jarriko da salgai saltoki europearretan. Hala ere, nazioarteko pandemiaren eraginagatik Sonyrentzako zaila izan da erosleen eskariari aurre egitea, eta dagoeneko kontsolak erostea zaila izaten ari da askorentzat.
Jim Ryan Sony Interactive Entertainmenteko presidentea horren inguruan mintzatu da BBCri egindako elkarrizketa batean. Ryanek agindu duenez, gabonetarako kontsola gehiago merkaturatzea aurreikusten du: “gabonen aurretik zein ondoren merkatuan PS5en ale kopuru esanguratsua gehitzeko gogor lanean ari gara”.
Koronabirusak fabrikazio prozesuan era guztietako oztopoak eragin baditu ere, aurreko PlayStation kontsolak argitaratu zirenean baino erritmo biziagoa mantentzen ari direla dio Ryanek: “egoera zail honetan PS4a estreinatzerakoan baino kontsola gehiago fabrikatzen ari gara PS5arekin. Norbaitek kontsola aurkitzeko arazoak baldin baditu bihotz-bihotzetik barkamena eskatu nahi diogu”.
Gauza berberari buruz aritu da Ryan PlayStation Blogean. Kontsolaren estreinatzeari zuzendutako artikuluan adierazi duenez, Sonykoek bazekiten “sozialki urrundutako mundu batean” bideojokozale zein prentsako kide guztiek belaunaldi berriko ezaugarriak frogatzea “ezinezkoa izango zela”.
Iruzkinak